22 MAY. 2017 Berezkoak Oraingoan ez da ezusterik izan eta faboritoak Angeluko finalean izango dira Jon LEUNDA Angeluko Torneoan ez da ezusterik izan, eta bi bikote faboritoak izango dira asteazken gaueko finalean. Ospital eta Ducassou izango dira alde batetik, eta bestetik, Larralde eta Bilbao. Berezkoen Binakako Txapelketako errebantxa zen hau. Finalerdietan sartu ziren lau bikoteak ziren, eta kanporaketak ere berberak ziren. Bigarren partida zen ikusminik handiena zuena. Berezkoen Binakakoan Waltarik eta Gixandutek ezustean lortu zuten Ospital eta Ducassou menderatzea, eta zaleek hura errepikatzeko gai izango ote ziren ikusi nahi zuten, baina oraingoan faboritoek ez zuten ezusterako tarterik utzi, aise irabazi baitzuten. Ospital eta Ducassou jaun eta jabe izan ziren, eta 40-13 hartu zituzten mendean Waltari eta Gixandut. Beraz, oraingoan aurreikuspenak bete direla esan daiteke, eta bikote lapurtarrak han sartuta zuten arantza hori ateratzeko modua ere egin zuten, eta uste baino askoz ere errazago lortu zuten, gainera. Beste finalerdian ez zen inolako ezusterik izan, eta Larraldek eta Bilbaok ez zieten inongo aukerarik eman Bielleri eta Lanberti, 40 eta 17 irabazi baitzuten. Neurketa honetan ere bi bikoteen artean alde handia egon zen.