23 MAY. 2017 Praileaitzen memoria argitaratu dute ia 40 adituren ekarpenarekin Praileaitz I haitzuloan 2000. eta 2009. urteen artean egindako aurkikuntzei buruzko lan monografikoa argitaratu du Gipuzkoako Aldundiak, 38 adituren parte hartzea izan duen alean. «Praileaitz I haitzuloa» liburuak Debako aztarnategiko ezaugarri garrantzitsuenen berrikuste bat proposatzen du, baita Paleolitoko (Goi- eta Erdi-) denboraldiko ikerketa berriak jarraitzeko ikuspuntuan azaldu ere. Leizeak, nolanahi ere, arriskuan jarraitzen du. Ariane KAMIO DONOSTIA Xabier Peñalver Aranzadiko arkeologoa izan daiteke gaur egun Praileaitzeko kobazuloaren inguruan dagoen aditurik nabarmenena. Urteak daramatza Praileaitz (Deba) haitzuloko aurkikuntzekin lanean eta, atzo, “Praileaitz I haitzuloa” argitalpen monografikoa aurkeztu zuen Gipuzkoako Aldundian, azken denboran bidaide izan duen Sonia San Joserekin batera. Bi aditu horiek eta Jose Antonio Mujika-Alustizak egin dituzte liburuaren edizio lanak. Monografiko hori Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako “Munibe Monographs, Anthropology and Archaeology Series” publikazioaren lehenengo liburukia da, Aldundiaren, hainbat udalen eta beste agente pribatu batzuen laguntzari esker plazaratua. Aldiz, eremu eta laborategi lanak burutzeko, Peñalverrek zuzendutako jakintza-alor anitzeko talde bat beharrezkoa izan da. Herrialde desberdinetako 20 erakundez eta 38 ikertzailez osatuta dago lana. Liburua sortzeko prozesua Praileaizko ikerketa denboran sortu zen, hain zuzen, 2000. urtean eta ordutik 2009ra arte egindako aurkikuntzak biltzen dira bertan. Haitzuloan hainbat izan dira lortutako materialak, lepokoak, labar-margoak eta erritualei erreferentzia egiten dieten aurkikuntzak. Adituen arabera, xaman bat bizi izan zen bertan. «Praileaitz I kobazuloan, non kultura jarduerak eta errituak egon ziren, aurkikuntza garrantzitsuenak 29 zintzilikari izan dira, gehienak harri beltzak eta dekoratuak, lepokoetan multzokatuak: gainera, okrezko arkatzak eta beste mota batzuetako arte higigarria azaleratu da. Barrunbean labar pinturen zantzuak ere agertu dira». Peñalverren hitzetan, «egindako aurkikuntzek Goi Paleolitoko jarduera erritualekin harremanetan jartzen gaituzte eta handik eratorritako materiala oso baliagarria da. Liburu hau etorkizuneko ondarea izango da». Praileaitz I haitzuloa 1983an aurkitu zen. Behe Madeleine aldiko multzokatutako zintzilikario litikoen aurkikuntzek, beste arte higigarri elementu batzuk, erabilitako okrezko arkatzek, sutondoek eta abarrek adierazten zuten errituzko ekintzak edo kultura jarduerak egiten zituzten leku berezia zela. Praileaitzek Sasiola meategiaren aurka borrokan jarraitzen du oraindik. Hain zuzen, desagertutako Praileaitz II haitzuloa «presazko prozedura» baten bidez desagertu zen 1988-1989 urteen artean. Haitzuloa Deba ibaiaren ondoan dagoen mendi magal batean kokatuta dago eta adituek hura kontserbatzeko beharraz mintzatu izan dira azken urteetan hainbat arkeologo, Peñalver bera tarteko. Kobazuloak 50 metroko babes eremua du gaur egun. Aldi batean 65 metro izatera iritsi zen, baina inoiz ez adituek eskatu izan zuten 100 metroetara. «Hondakinez jositako galeriak daude eta horiek galtzeko arriskua dago», aipatu zuen. Indusketa lanek aurrera jarraitzen dute, nolanahi ere, Praileaitzen. Eta Xabier Peñalver eta bere taldea bertan lanean izango dira ekainetik aurrera. Hain zuzen, 2014an aurkitu zuen bigarren sarrera batean lanean segituko dute. Sedimentuz betetako eremu bat da, eta Erdi-Paleolitoko materialak aurkitu izan dira. «Badirudi buztin eta sedimentu artean beherantz joanda material ugari aurki dezakegula». HITZALDIA Argitalpen berriaz hitz egiteko «Praileaitz I: iragana, orainaldia eta etorkizuna» hitzaldia egingo da datorren ostiralean, 19.00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.