24 MAY. 2017 Futbola Ez da lapurtarren urterik onena izan Avironek eta Genetsek CFA Mailara igotzeko asmoarekin hasi zuten sasoia,baina bietako inork ez du helburua bete, nahiz eta angeluarrak gertu ibili diren. Bukatu da CFA 2 Maila, eta horrekin baita Genetsen eta Avironen aurtengo denboraldia ere. Ipar Euskal Herriko bi talde nagusiek igoera buruan zutela abiatu zuten sasoia, baina ez batak ez besteak ez dute helburua lortu. Angelukoek ez dute urrun izan, baina Baionakoak beheko postuetatik gertuago ibili dira goikoetatik baino. Genetsek hirugarren amaitu du denboraldia, eta Avironek, berriz, bederatzigarren. Azkeneko jardunaldian, gainera, elkarren aurka neurtu ziren Angeluko Saint Jean estadioan, eta Baionakoek eraman zuten garaipena 0-1 irabazita. Ez zeukaten ezer jokoan, baina hala ere jendeak erantzun bikaina eman zuen, ikusle asko izan baitziren. «Denetatik gertu ibili gara, baina ez dugu ezer egin», dio Paxkal Elissaldek, Genetseko atezainak. «Kopako helburua Lehen Mailako talderen baten aurka jokatzea zen, eta gertu izan genuen, baina Niortek penaltietara kanporatu gintuen. Ligan, igotzea zen helburua, baina hirugarren amaitu dugu. Orokorrean begiratuta ez da denboraldi txarra, baina helburuei begiratuta, ez dugu ezer egin», erantsi du atezain lapurtarrak. Berak garbi dauka aurtengo gakoetako bat non egon den. «Beheko postuetan dauden taldeekin zortzi puntu galdu ditugu. Hori ikaragarria da. Niretzat hor egon da gakoa, erdiak lortu izan bagenitu igoko ginen», esan du Paxkalek. Avironena, ordea, askoz ere okerragoa izan da, igotzeko asmoa izatetik, azkenerako mailari eustea bihurtu baita helburu nagusia. «Jokalari asko aldatu ditu Avironek, eta kanpotik asko etorri dira. Entrenatzailea ere berria zen, gauza asko aldatu dira eta proiektu berri bat zen. Garbi dago Baionan presa dagoela CFA Mailara itzultzeko, baina proiektu guztiek behar dute denbora», dio Andoni Idarramendik, Baionakoen jokalariak. Lesio bat tarteko, gainera, gipuzkoarrak ezin izan du denboraldia amaitu. Sasoi okerra izan da zuri-urdinentzat. Taldea ia hasieratik atzean geratzeak ere ez dio gehiegi lagundu Avironi. «Azkenean igotzeko egindako talde bat atzean geratzen denean ez da erraza izaten handik ateratzea. Eta lehen esan bezala, jokalari asko berriak ziren, kanpokoak, eta horrek beti denbora bat behar izaten du. Emaitzak aldeko badira gauzak ongi joan daitezke, baina emaitzak hasieratik okertzen badira, zaila da gero bikain aritzea», azaldu du Andonik. Aurtengoa egina dago, eta bi talde lapurtarren arteko lehiakortasuna eta elkarren artean duten lehia hori ikusita, bien arteko derbiak ere ikusi behar dira. Joanekoa, Avironek etxean jokatu beharrekoa, Donibane Lohizunen jokatu zuten, Baionako zelaiak arazo batzuk zituelako, eta Genetsek irabazi zuen 1-2. Joan den larunbatekoa, ordea, Avironek eraman zuen 0-1.«Ez genuen ezer jokoan, baina derbiak beti derbiak dira. Jende asko etorri zen partida ikustera, eta garbi dago biek eman genuela geneukan guztia. Azkenean denok irabazi nahi izaten ditugu honelako partidak. Derbietan, berdinduta geratu gara, baina orokorrean garbi dago aurten Genets hobea izan dela», onartu du Elisaldek. Bi taldeak jadanik datorren denboraldiari begira daude, eta berriro ere erronka igotzea izango da. «Uste dut gehienok hemen jarraituko dugula. Bertako jendea gara gehiengoa eta oso gustura gaude, eta kanpotik etorritakoak ere horrela daude. Joan den asteko derbiaren ostean denok garbi geneukan datorren urtean igoko garela, eta hori oso ona da; jendea klubean eta taldearen proiektuan oso sartuta dago», esan du Genetseko atezainak. Avironen zer gertatuko den airean dago baina, itxura guztien arabera, aldaketa asko izango dira aurten ere. «Garbi dago klubaren asmoa igotzea izango dela, eta aurten helburua lortu ez denez, pentsatzen dut berriro ere aldaketa asko izango direla», iragarri du Idarramendik. Lapurdi aldean goi mailan talde bat behar dela esaten dutenak asko eta asko dira, eta horietako bat da Paxkal Elissalde. «Niri amorrua ematen dit Ipar Euskal Herriko bi talde nagusiak CFA 2 Mailan ikusteak. Ikusita hemengo klubek dituzten instalazio bikainak eta dagoen harrobia, benetan amorragarria da gauden lekuan egotea, baina hau da oraingoz daukaguna. Ia datorren urtean lortzen dugun igotzea, eta zergatik ez, baita Avironek ere, eta apurka-apurka Ipar Euskal Herriko futbola dagokion lekura eramaten hasten garen». TXUKUNGenetsek denboraldi txukuna egin du. Igotzeko borrokan aritu da beti, nahiz eta azkenean hirugarren amaitu duen. Beheko postuetan dauden taldeekin galdutako puntuak erabakigarriak izan dira.KASKARRA