25 MAY. 2017 EH Bilduk lege berri bati ateak irekiko dion hezkuntza akordioa proposatu du GARA BILBO Maddalen Iriarte eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideek «hezkuntza sektorean dagoen ezinegona bideratzeko eta, batez ere, sektorea etorkizunera begira jartzeko, lege berri bati atea irekiko dion akordio zabalerako oinarriak», aurkeztu zituzten atzo. «Hezkuntza akordioa behar dugu, hizki larriz idatzitako akordioa», nabarmendu zuen Iriartek. Gaineratu zuenez, hezkuntza arloko eragile guztien artean eraikia izan behar da akordioa: «Izan ere, hezkuntza guztion erantzukizuna da». Halaber, hezkuntza sektorearen egoera «kezkagarria» dela azpimarratu zuen Iriartek, eta adibide gisa jarri zituen azken egunotan gehiengo sindikalak deituta izan diren grebak eta mobilizazioak edo Lomcek inposatutako azterketen aurrean egiten ari diren plantoak. «EH Bildun kezkatuta gaude. Hezkuntzarena estrategikoa da herri baten oraina eta etorkizuna eraikitzeko. Horrelako egoera nahasiak ez dira onak inorentzat, batez ere ikasleentzat eta gurasoentzat, eta etorkizun politikoak eta herri ikuspegiak behartzen gaitu zenbat eta azkarren arazo honi konponbidea bilatzera», esan zuen legebiltzarkide suberanistak. Ahal Dugu Bestalde, Cristina Macazaga Ahal Duguko legebiltzarkideak Hezkuntzako Mahaian biltzeko eskaera egin zien sindikatuei, hezkuntza eragileei eta Lakuako Gobernuari hezkuntza publikoaren aldeko neurriak ados ditzaten. Zentzu honetan, Hezkuntza Sailak kalitatezko hezkuntza publiko «barneratzailea» eskaini behar duela gogorarazi zion Cristina Uriarteri. «Hezkuntza eragileek aldaketak eskatzen dituzte eta elkarrizketa ezinbestekoa da lortzeko», nabarmendu zuen Macazagak.