Markismoa
Ez klase ertaineko nerabeak (oraindik badago halakorik), ezta modazale konpultsiboak ere. Lerroan jarri, kontsumoak libreago egingo dituela sinetsitako fededunak eta autoestimua lantzeko multinazional baten abizena behar dutenak eta hala eta guztiz ere, asko saiatuta ere, ez lirateke musikarion «markismora» iritsiko. Eta ez naiz ari arropaz, nahiz eta horretatik ere badagoen, musikariok erabiltzen ditugun musika-tresna eta ingurukoez baizik. Anpliak, pedalak, bozgorailuak, soinu-mahaiak, mikroak, poltsa, korreak, puak, sokak, efektuak... Ba al dakizu zenbat elementu behar dituen pop-rock musikari batek bere sormena (lana ere esan dezakegu) taula gainean gauzatzeko? Bada, elementu horiek guztiek dute abizen komertzialen bat. Bitxia badirudi ere, kalean modako zapatilekin nola, halaxe gertatzen da mundu osoko oholtza, entsegu lokal eta gela intsonorizatuetan. Marka berberak errepikatzen dira, behin eta berriro, leku guztietan. Markismo adaptatiboa da gainera, ez uste, garaien eta industriaren aginduetara egokitzen dena, arin eta modu eraginkorrean. Musikaririk konprometituena ere kontsumitzaile akritikoena bilakatzeraino.
Marka horien enbaxadore komertzial bilakatzen gara, gure itzalean itsatsita baitaramatzagu, gure emanaldietan haien propaganda ozena egiten baitugu, hamaika lagunei erakusten baitizkiegu marka horien izenak eta dohainak, musikariaren itzalaren arabera musu truk, gainera.