GARA Euskal Herriko egunkaria

Gero Axular dantza taldeak Donostiako suntsiketan oinarritu du «Agorrila»


XIX. mendera itzuli eta frantsesek hartutako Donostiari su eman zitzaion unean oinarritu da Gero Axular dantza taldeak “Agorrila”, igandean Victoria Eugenia antzokian estreinatuko duen obra eraikitzeko.

Juan Luis Unzurrunzaga konpainiako zuzendariak azaldu duenez, garaiko Estatu frantseseko Justizia Ministroa Joseph Garat lapurtarra zen, eta zazpi euskal lurraldeak Fenizia Berria izenaz bateratzea proposatzen zuen proiektu bat aurkeztu zuen, baina garaiko nahasmenduen eraginez ez zen aurrera atera. Gertakari horretatik abiatuta, Donostian kokatu dute obra konpainiako kideek eta zazpi atal –eta horietan banatuta 23 koreografia berri– dituen obra osatu dute: «Hemen gertatu zena kontatu nahi genuen. Lau ataletan Donostiaren historia kontatzen dugu, nola bizi ziren eta nola prestatu ziren tropak sartzera zihoazela jakin zutenean, nola sartu ziren eta erre zuten herria eta baita berreraikitzea nola abiatu zen ere».

Gainerako hiruretan, kontakizun historikoaren barnean kokatzen den fikziozko maitasun istorioa irudikatzen dute Gero Axular-eko dantzariek: goizero Trinitate plazako iturrira joaten den neska «koxkera» maitemindu egingo da bidean atera zaion «joxemaritar» batekin, eta bien arteko maitasun istorioa sortuko da. Gudaroste espainiar eta portugaldarrak Donostiara sartzean, bikoteak Zubietara alde egitea erabakiko du eta han jasoko dute hirian 1813ko abuztuaren 31n gertatutakoaren berri. «Historia gogorra da, eta maiteminduen kontakizunak laguntzen du publikoa entretenitzen», iritzi dio Unzurrunzagak.

Jatorrizko konposizioak

Konpainiako kideak dantza tradizionaleko pausoetan oinarritu dira obra osatzeko, eta berritasuna koreografia, mugimendu eta musikaren bidez bilatu dute. Azken alor honetan, garaiko piezen moldaketak eta konposizio berriak egin dituzte, garaiko poemetan oinarrituta. Lan horietan Ainhoa Permach eta Andoni Iparragirre ibili dira. Eszenografiari begira, Trinitate plaza eta kaia aintzat hartuta eraiki dute atrezzoa, eta agertokian nagusitasuna iturriak hartuko du: «Iturrien bueltan egiten zen bizitza soziala, eta hori irudikatu nahi izan dugu», azaldu du Unzurrunzagak.

“Agorrila” igandean estreinatuko da Donostiako Victoria Eugenian, eta sarrerak jada salgai daude ohiko lekuetan (10/15/18 euro).