27 MAY. 2017 Aizkora Finalerako azkeneko txartela banatuko da Otaegi, Rekondo, Larretxea eta Zaldua lehiatuko dira bihar, Amurrion. Jon LEUNDA Bihar, Amurrion, 12.30ean, jokatuko da Urrezko Aizkorako azkeneko finalerdia, eta hor jakingo da datorren igandean, Azpeitian jokatuko den final handian izango den laugarren aizkolariaren izena. Joseba Otaegi, Jon Rekondo, Xabier Zaldua eta Donato Larretxea izango dira finalaren bila lanean arituko diren lau aizkolariak. Irabazteak besterik ez du balio. Garaipena lortzen duen aizkolariak lortuko du finalean izatea, eta beste guztientzat amaitu egingo da denboraldi honetako Urrezko Aizkora. Hasiera batean Joseba Otaegi eta Jon Rekondo dira faboritoak, baina ezin ahaztu Donato Larretxea ere. Aizkolari nafarrarentzat lan hauek egokiak dira eta saiatuko da finalerako bidea egiten. Xabier Zaldua ere hor dago. Zumarragakoak galtzeko ez dauka ezer, eta bera izango da presiorik gutxien eramango duen aizkolaria. Kirolariek honako lan hauek egin beharko dituzte. Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki beharko dute. Ondoren, zutik jarritako tamaina bereko enborra erdibitu beharko dute. Hirugarren lanean, oinbiko bat zeinek azkarrago bota lehiatuko dira. Laugarrengoan, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa moztu beharko dituzte, eta azkenik, iraupen proba, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako. Finalerdi honetako irabazleak zain izango ditu Mugertza II.a, Atutxa II.a eta Vicente II.a, hiru horien aurka lehiatu beharko baitu datorren igandeko finalean. Gainerako mailetako finalak ere jadanik erabakita daude. 23 urtez azpikoetan, Etxeberria II.a eta Kañamares IV.a neurtuko dira. Gazte mailakoan, berriz, Zelai eta Kañamares V.a. Emakumezkoena ere izango da aurten lehen aldiz, eta Irune Izkue eta Nerea Sorondo arituko dira nor baino nor. Azkenik, harri jasotzen, Pastorkuaren Oroimenezko lehiaketan, Izeta II.a eta Lopetegi, irakaslea eta ikaslea, izango dira aurrez aurre.