29 MAY. 2017 Sega Oraingoan Artzelus eta Otamendi onenak J.L. Koldo Artzelus, mutiletan, eta Ainara Otamendi, nesketan, izan dira Euskal Herriko Sega Ligako bigarren jardunaldiko irabazleak. Atzoko saioa Lazkaon jokatu zen. Mutiletan eman zen ezustekoa. Lehen jardunaldiko bi onenak ez ziren atzokoan aurreneko bi postuetan sartu. Gabirondo II.a izan zen lehen jardunaldian onena, eta atzokoan hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, sailkapen nagusian lehen postuan jarraitu ahal izango du. Koldo Artzelus beteranoak lan bikaina egin zuen, eta lan guztiak burutzeko bi minutu eta 35 segundo behar izan zituen. Bigarrengo postuan sailkatu zen Jexux Goenaga, irabazlearengandik bost segundora. Bigarren jardunaldi honetako podiuma Gabirondo II.ak osatu zuen. Bera, Artzelusengandik zortzi segundora sailkatu zen. Bi jardunaldi jokatu ostean, Julen Gabirondok jarraituko du sailkapen nagusiko lehen postuan. Berak 118 puntu batzen ditu. Bigarren postuan orain Altzo jarri da, 114rekin, eta hirugarren Bixente Mitxelena 113rekin. Ondoren 112rekin berdinduta daude Otegi eta Goenaga. Artzelus lehen jardunaldian ez zen aritu, eta ondorioz sailkapenaren erdialdean aurkitzen da. Emakumezkoetan lehen jardunaldiko irabazlea, Alatzne Etxaburua, ez zen atzokoan aritu, eta ondorioz une honetan Alaitz Imaz eta Aimara Otamendi sailkapeneko lehen postuan berdinduta daude. Atzokoan, Otamendi izan zen onena. Berak lan guztiak egiteko minutu eta 28 segundo behar izan zituen, eta, Imazek, berriz, bi segundo gehiago behar izan zituen. Podiuma Mazkiaranek osatu zuen, 17 segundora sailkatuz. Sailkapen nagusian, berdinduta daude 118 punturekin Otamendi eta Imaz. Hirugarren, berriz, Mazkiaran geratzen da 114 punturekin. Gazteak Gazteak ere ari dira lehiatzen, eta mutiletan Arkaitz Gabirondo nagusitu zen Amaiur Arrospideren aurretik, eta sailkapen nagusian ere eurak daude aurreneko bi postuetan. Nesketan, Maide Garmendia izan zen onena, eta, bigarrena, Amets Otegi. Sailkapen nagusian, Maide Garmendiak lehen postuan jarraitzen du.