31 MAY. 2017 GUTUNAK Eskerrik asko Donostia Ospitaleari IBON ARAKISTAIN Eibar Eskerrik asko. Motz gelditzeko beldurrez. Hitzik ez. Mutu. Hasierako malkoak eta oinazeak elkartasun eta laudorio keinu bihurtu dira. Eskerrik asko. Une okerrenetan gogora etorri zaizkit telebistaz ikusitako kontzentrazioak Osakidetzan egin nahi ziren murrizketen aurka. Sofaren goxotasunean esandakoaz damu: «Hauek zertan dabiltza?». Orain nire larruan zezenak barreraren beste aldetik bizitzea egokitu zait. Kontxo! Orain bat zatoz garai haietako aldarrikapenekin? Hipokrisia. XXI. mendeko gaixotasun hedatuena. Mea culpa! aitorpena egin eta libratuko naizelakoan... barkamena eta eskertza. Harro, dugun osasun zerbitzuaz. Donostiako Ospitalean paretan eskegita dagoen iragarki batetan Superman agertzen da zundaz josita eta hurrengo leloa du: «Edozein supergizakik izan dezake une txar bat». Ni ez naiz supergizakia, baina lur jota zauden une horretan nire alaba jaioberriari egindako zaintza bereziek urrea balio izan dute. Eskerrik asko, bihotzez, Donostia Ospitalea. Eskerrik asko, materno-infantilen lan egiten duten guztiei. Sendagile nagusitik hasita azken kate-mailari... eta bereziki Neonatoseko zaintza bereziei miresmena eta nire errespetu osoa. Izpi ilunetatik esperantzarako pausoa ematen lagundu, konpondu, mirari bihurtu duzuelako. Aupa zuek! Osakidetza gure nortasunaren eredu izan dadila beti! Bejondeizuela. Esker amaigabea.