A.A.
PILOTA

II. ETB-EPEL afizionatuen torneoaren finalerdiak, zehaztuta

Kontrako ahotsak entzun izan diren arren –pilotari afizionatuek profesional gisara jokatzen dutela leporatuta–, Aspe eta Asegarcerekin entrenatzen dabiltzan amateur mailako gazteekin antolatzen den ETB-EPEL Torneoak bigarren ekitaldia izango du aurten. Lau bikotek hartuko dute parte eta bi finalerdi eta finala jokatuko dira ekainaren 9tik 11rako asteburuan.

Lehen finalerdia ekainaren 9an, ostiral arratsean, jokatuko dute Logroñon Asperekin lanean dabiltzan lau pilotari gaztek. Izan ere, bi aurrelariak errioxarrak dira: Javier Zabala eta Oscar Lerena. Zabalak Aitor Etxebarria berriztarrarekin jokatuko du eta Lerenaren atzelaria Jon Olaizola lesakarra izango da.

Bigarren finalerdia, Asegarceri dagokiona, egun bat beranduago jokatuko dute Beasainen. Atzo aipatzen genuen moduan, Alberdi azpeitiarrak Iosu Eskiroz atzelari nafarrarekin jokatuko du Peio Etxeberria eta Garmendiaren aurka.

Finala ere Logroñon jokatuko da ekainaren 11n, igande arratsaldean.