01 JUN. 2017 Gabriela Cendoyaren 1.400 argazki-liburu jaso ditu San Telmo museoak dohaintzan Gabriela Cendoya Bergareche bilduma, 1.400 argazki-liburuz osatua, San Telmo museoko Dokumentazio eta Eztabaida Guneak kudeatuko du datozen hamar urteetan, gutxienez. GARA DONOSTIA Gabriela Cendoya Bergareche bildumagilearen eta San Telmo museoaren arteko akordioaren helburu nagusia, jabearen borondateari jarraiki, bildumari ikusgarritasun handiagoa ematea eta jendearentzat eskuragarri jartzea da. San Telmo museoa bat dator helburu horrekin eta konpromisoa hartu du 1.400 argitalpenez osatutako bilduma katalogatzeko, bildumaren kontserbaziorako beharrezkoak diren baliabideak jartzeko eta berau jendearentzat eskuragarri jartzeko. Lan horretan pixkanaka hasiko da museoa, iragarri dutenez. Edonola ere, bi urteko epemuga jarri du katalogazio lana burutzeko. Bilakaera Azken 8-10 urteak funtsezkoak izan dira argazki-liburu edo photobook deitutakoen bilakaeran. Aurretik ere bazeuden argazki-liburu garrantzitsuak –eta bilduma honetan badaude horietako batzuk–, baina azken urte hauetan asko ugaritu dira argazki-liburuak. Gabriela Cendoya Bergareche bilduma oparoa da horietan eta azken urteotako materiala biltzen duen bildumarik osatuenetako bat dela esan daiteke. Izan ere, azken hamarkadan argazkiaren eta, oro har, irudiaren esparruan ateratako argitalpen nazionalen zein nazioartekoen zati handi bat jasotzen du. Hain zuzen, nazioarteko osagai eklektiko handia dauka bere bildumak eta horrexek egiten du berezi. Gabriela Cendoya Bergarecheri berari dagokionez, Donostian jaio zen 1958. urtean. Gaztaroa Bordeleko eskualdean eman zuen, eta Artearen historia ikasi zuen bertan. Gaur egun, Hondarribian bizi da, baina maiz joaten da Bordelera.