GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren gorputzak


Agian, nik, gizon batek, idatzi duenez irakurtzen ari zareten artikulua balio gutxiago izan lezake, generoak berak desakreditatu bainazake emakumeei buruz idazteko. Nork daki? Edozein erlijiori buruz idazteko ez da zertan edozein erlijiotako apaiz izan behar. Gorputzek pentsatzen eta egiten dutena da interesgarria. Ekintza eta pentsamendu horiek gero dira aztergarri, hausnarketa-gai, kritikagarri. Izatekotan, gorputzek definitzen dituzte dituzten edo nahi dituzten identitate desberdinak; hots sexualak, politikoak, sozialak...

Genero parekidetasuna izatea garrantzitsua da, baina zenbaki hutsak ez du ezer esaten gorputzen ekintzak aldatzen ez badira, pertsonen arteko harreman suntsitzaileak ez badira desegiten, mikro- eta makro-matxismoak apurtzen, “matxirulo” infiltratuak identifikatzen. Parekidetasun egoerak ez ditu desagerrarazten harreman suntsitzaileak, ezta women’s empowerment edo emakumeen ahalduntzeak ere. Komeni dena da errespetuzko jarrerak edukitzea eta transmititzea. Norberak erabakiko du gorputzen politikak zein gunetan eztabaidatu. Kartel batean irakur zitekeen eztabaida gune ez-mistoan egingo zela (emakume, bollera, trans, marika).

Gustura irakurri dut Onintza Rojas eta Olatz Salvador musikariei egindako elkarrizketa “Irutxuloko Hitza”-n. Rockak beti izan ditu barne kontraesanak gorputz politika askatzaileak eraikitzeko, beti egon dira identifikatutako gitar-matxoak. V. Despentes-en hitzak gogoan.