03 JUN. 2017 Aizkora Atutxa faborito dela jokatuko da finala Iker Vicente, Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza ere bihar eguerdian 12.00etan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den saio handian izango dira. Jon LEUNDA Buruz Buruko Urrezko Aizkorako finala jokatuko da bihar Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12.00etan hasita. Herri kirolak gustuko dituenak ezin du zita hau galdu, aizkorako lau final eta harri-jasotzeko bat jokatuko baitira. Neskak izango dira, gainera, protagonista, aurten aurreneko aldiz jokatuko baita euren mailakoa, nahiz eta bi bakarrik arituko diren eta zuzenean finala jokatuko duten. Mutilen maila nagusian, Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugertza eta Jon Rekondo lehiatuko dira. Aurreko lanetatik, oraingora apur bat luzatu egingo da. Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki beharko dute. Jarraian, zutik jarritako kana-erdikoa erdibitu beharko dute. Hirugarren lanean, oinbikoa moztu beharko dute. Laugarrenean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta kana-erdikoa, eta azkenik bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Aitzol Atutxa da egungo txapelduna, eta bera izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Bizkaitarra azkeneko urte hauetan sekulako maila ematen ari da, jokatzen duen guztia irabaziz. Zaleentzat faborito garbia da, baina begi asko egongo dira Vicente gazteari begira. Rekondo eta Mugertza ere ez dira denbora-pasa joango eta ikuskizuna segurtatuta daukate. Emakumezkoetan, berriz, aurreneko urtez jokatuko da Urrezko Aizkora. Azkenean bi aizkolari bakarrik izan dira aurrera egin dutenak, eta finala jokatuko da zuzenean. Aizkolari bakoitzak bi lan ezberdin egin beharko ditu. Hasteko, kana-erdikoa zeinek azkarrago ebaki lehiatu beharko dira, eta bigarrenik, berriz, lau 45 ontzako moztu beharko dituzte. Irune Izkue eta Nera Sorondo izango dira aurrez aurre arituko direnak. Aurrenekoa da garaipena lortzeko faboritoa. Bi maila horiez gain, mutilen beste bi mailetan ere izango dira finalak. 23 urtez azpikoetan, Etxeberria II.a eta Kañamares IV.a izango dira aurrez aurre. Bi aizkolari hauek azkeneko urte hauetan pare samarrean dabiltza, eta finalean ere seguruenik alde handirik ez da izango. 19 urtez azpikoetan, Zelai III.a eta Kañamares V.a izango dira neurtuko direnak. Hemen eskarmentu gutxiko aizkolariak lehiatuko dira, oraindik oso gazteak baitira, eta agian urduritasunak ere zeresana izan dezake final honetan. Hala ere, denek eman nahiko dute itxura ona, eta gazte hauek euren maila agerian uzteko aukera polita izango dute. Jokatuko diren aizkorako lau finaletan, guztira hamar aizkolari lehiatuko dira eta nafarrek izango dute erabateko protagonismoa, guztira zazpi izango baitira herrialde horretakoak. Gipuzkoatik bakarra izango da eta Bizkaitik, berriz, bi. Baina bihar Azpeitira doazenek ez dute aizkolaritza bakarrik ikusiko, harri-jasotzeko Pastorkuaren Oroimenezkoaren finala ere jokatuko dute, eta saioa benetan ederra iragartzen da. Irakaslearen eta ikaslearen arteko dema ikusiko da, aurrez aurre izango baitira Izeta II.a eta Lopetegi. Aiarra oraindik sasoiko dago, eta bera izango da txapela lortzeko faborito nagusia, baina aurrean bere ikasle kutunetako bat izango du. Lopetegi oraindik oso gaztea da, baina, harri txikiekin erakutsi du ikaragarrizko maila duela, eta final honetan saiatuko da bere maisua ahal duen gehiena estutzen. Final honetan, harri-jasotzaile bakoitzak hiru harri ezberdinekin egin beharko du lan. Hasteko, 125eko errektangularra erabili beharko dute. Ondoren 113ko kubikoa izango dute aurrean, eta jarduna amaitzeko, berriz, 100 kiloko bolarekin egin beharko dute saioa. Harri bakoitzarekin kirolari bakoitzak bi minutuko txandak izango ditu. Final honetako saio osoak bi ordu inguruko iraupena izango du gutxi gorabehera. NESKAKIrune Izkue eta Nerea Sorondo izango dira lehen aldiz jokatuko den emakumezkoen finalean. Etxeberria II.a eta Kañamares IV.a 23 urtez azpikoetan arituko dira eta Zelai eta Kañamares V.a, 19 urtez azpikoetan.HARRI-JASOTZEAHarri-jasotzaileek Pastorkuaren Oroimenezkoaren finala jokatuko dute, eta Izeta II.a eta Lopetegi gaztea izango dira aurrez aurrez. Maisuaren eta bere ikasle kutunaren arteko saioa izango da.