03 JUN. 2017 IKUSMIRA Kazaf eta Yaya Iraia Oiarzabal Kazetaria Autobusean ezagutu zuten elkar, kromo aldaketa aitzakia hartuta. Lau urteko mutikoa lotsati ageri zen hasieran atrebentziaz hitz egiten zion mutil koxkorraren aurrean. Denborarekin elkarren artean zeuden hormak eraitsi zituzten. Nola duzu izena?, galdegin zion txikienak. Yaya, erantzun beltzaran irriberak. Ezohikoa zitzaion deiturak irria eragin zion lehen kolpean baina orduz geroztik ahoan darabil lagun berriaren izena. Auzo berean bizi da Kazaf. Kolore biziko oihalez egindako tunikek atentzioa deitu zioten adin bereko neskatilari. Ordutik, jolasorduan batera ibiltzen dira tarteka. Integrazio hitza entzun ere ez zuen egingo ziur asko laukoteak, eta entzunda ere nekez jarriko dio esanahia. Praktikan ordea ederki moldatzen dira. Aurreiritziek haiengan oraindik pisurik ez dutelako agian. Unibertso txiki horretatik aterata ordea, nonahi agertzen dira begirada arrotzak. Hezkuntzaz hitz egitean maiz aipatzen da aniztasunaren balioa, bereizketarik ez egitearen garrantzia. Diskurtso horiek ordea desintegratu egiten dira berehala, askotan integrazioaz hitz egiten duten aho horietatik gainera. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta polemikarako tresna bihurtu dute aspaldion. Iruzurra eta kudeaketa kaskarra tarteko, gizarteko kolektibo zehatz batzuk larrutu asmoz. Eta inork halako diskurtsoen arriskuaz ohartarazten badu, segituan entzuten dira demagogia akusazioak. Kontua ez da auzia sinplikatzea, diru publikoaren erabilerari buruzko eztabaida garbia egitea baizik. Eta integrazioaren garrantziaz jakitun bagara, egiaz, keinu sinpleenetik hasi gaitezke, begirada arrotza ordezkatuz.