Berriro erran beharrak
Bada astebete, zeruak ilundu aitzin eta argitu baino lehenago «maite zaitut» errateko aholkua eman nizula, baina zuk, temati, isilik jarraitzen duzu, zure hurbilekoek zure pentsamenduaz haragoko sentimenduak antzemango dituztela sinetsita. Jakitea ez da nahikoa, ordea, apika entzun egin behar da, eta zure kasuan, erran. Honela, telesail baten bigarren kapitulua balitz bezala eta zure sinadurarekin izenpetu beharreko emankizuna, berriro saiatzeko eskatuko dizut. Ez baita onargarria zure ahoko purrustadak, haserrealdiak eta zama negatiboa duten aipamenek pisu positiboa dutenek baino toki gehiago hartzea. Onartzen duzu gainera, lehen ez zinela horrelakoa, antzina dirudien garaian beste kultura baten partaide zinela, beste jarrera bat zuen izaki. Detaile tipienak kontuan hartzen zenituelako, besteenganako begirunea zeneukalako, errespetua, pazientzia, baita eskaintzeko denbora ere. Hargatik, orain aldaketaren jatorriari eskaintzen diozu arreta, zure ozpindura eta samurtasun guztiekiko urruntasuna zerk eragin duen jakin nahian. Telebista izan daiteke isolamenduaren sorburu, sakelako telefonoak ere bere partea baduela iruditzen zaizu, nola ez, preso hartu zaituen ordenagailuko sare erraldoia dago ispiluaren erdian, hitzorduak zure erosotasunera finkatzeko mania, zure jakinduria eta prestutasuna jendartearen aitzinean luzitzeko erabakia, eta zure oporrak amets bihurtzeko desira, eta zure ongizatea, zure lasaitasuna, zure zilborra. Badirudi beraz, dena hasten dela zugandik, eta zugan amaitzen, aldatzeko erabakia bezala. Baina lasai, kontziente izaki, beti dago bigarren aukera bat. Denerako.