GARA
BARAKALDO

Intimitatearen galeria bilakatu du Barakaldo Baffest jaialdiak

Barakaldo galeria-hiri bilakatuko du ekainaren 21era bitartean Baffest jaialdiaren bigarren edizioak. Emakume argazkilarien obrak erakusteko sortu zen jaialdi honetan Esther Ferrer, Rita Puig-Serra, Pauline Fargue, Sofia Ayarzagoitia eta Helena Goñiren erakusketa bana ikus daiteke hiriko gune ezberdinetan. Euskal argazkilariek gune propioa izango dute.

Ekainaren 21era bitartean emakumezko argazkilarien plaza bilakatuko da Barakaldo, Baffest jaialdiari esker. Ekimena iaz abiatu zuten Udalak eta Fotopop Producciones-ek eta, Barakaldoko alkate Amaia del Camporen hitzetan, «harri eta zur utzi zuen jendea iaz, kaleak animatu baitzituen artelanekin eta, hirira bizitasuna ekartzeaz gainera, emakumeen papera ere nabarmendu zen, laudorio guztiak gizonezkoek hartu ohi dituzten esparru batean».

Aurtengo gaia “Revelar/rebelarse” dela eta gai horren bueltan barne-gatazka eta emozioei aurre egiteko bideak aztertuko direla ere azaldu zuen Del Campok. Hain zuzen, intimitate kutsu horren baitan bildu dira hiriko zenbait gunetan jada ikus daitezkeen bost emakumeren erakusketak: Esther Ferrer artistaren lanak ikus daitezke Bide Onera plazan, Rita Puig-Serraren argazkiak hartu ditu Errekatxokoko gune naturalak, Sofia Ayarzagoitiak Herriko Plazan eraiki du bere txokoa, Pauline Fargueren erakusketak hartu du Barakaldoko Hizkuntza Eskola eta Helena Goñik, azkenik, Anaien Parkean jarri ditu ikusgai bere lanak.

Euskal argazkilariek ere badute espazio bereziturik jaialdian. Baffest horien lana ikusgai bihurtzeko eta horiei laguntza emateko sortu zela ekarri zuen gogora alkateak eta, zehaztu zuenez, aurten 70 argazkilarik helarazi dizkiete beren proposamenak. Horietatik seiren lanek osatzen dute Foruen pasealekuan ezarri duten erakusketa, hain zuzen, Tamara Lopez, Andrea Abalia, Angela Losa, Asun Martinez, Maria Aurtenechea eta Teresa del Romerorenek. Alkateak iragarri zuenez, sei horietako batek osatuko du hurrengo urteko Baffesteko erakusketa nagusia.

Jarduera paraleloak

Aipatu erakusketak ikusteko aukera izateaz gainera, ekainaren 21era bitartean zenbait ekimen paralelo izango dira Barakaldon. Hala, adibidez, igandean, hilak 11, Blackkamera argazki dokumentaleko eskolako ikasleek formatu txikiko ehunka argazki jarriko dituzte eta herritarrek borondatezko ordainsari baten truke gustuko dutena hartu ahalko dute. Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, ekimen honek «arrakasta handia» izan zuen iazko edizioan eta gizarte-funtserako 1.500 euro bildu ziren bide horretatik.

Bestalde, ekainaren 17an, larunbata, Clara Campoamor zentroko aretoan jardunaldi berezia izango da. Erika Goyarrolla jaialdiaren komisarioak aurkeztuta, “Políticas feministas a través de Consonni” hitzaldia eskainiko du Maria Mur argazkilariak, eta Helena Goñi, Rita Puig-Serra eta Sofia Ayarzagoitia argazkilarien mahai-ingurua ere izango da, Clavoardiendo-ko Roberto Villalonek zuzenduta.