GARA
TOLOSA

Azoken etorkizuna eta elikagaien kontsumo arduratsua hizpide Tolosan

EHUren ikastaroen artean, «Azokak eta egungo gizarte urbanoaren beharrak» izeneko hitzaldia eskaini zuten ostegunean Tolosan. Bertan, azoken oraina eta etorkizuna izan zituzten eztabaidagai.

Etorkizunik ba ote dute elikagaien azoka tradizionalek gure kontsumo gizartean? Benetan ezagutzen dugu jaten duguna? Horiek izan ziren ostegunean Tolosan erantzuten saiatu ziren galdera nagusiak. EHUk antolaturiko udako ikastaroen artean, “Azokak eta egungo gizarte urbanoaren beharrak” izenekoa eraman zuten aurrera. Olatz Peon Tolosako alkatearen ustez, ikastaro honetarako Tolosa aukeratzea ez zen kasualitatea izan, azoka tradizio «luzea» baitago herrian.

ELIKA Fundazioko zuzendariak azokak egungo kontsumitzaileen kontsumo beharretara egokitzeko beharra nabarmendu zuen. Bestalde, Mirene Begiristain eta bere EHUko Ekonomia Aplikatuko Saileko ikertzaile taldeak egungo azoken osaera azaldu zuten. Beraien ikerketaren arabera, egungo baserritarren artean, multzo handiena «ekoizle profesionalek» osatzen dute (%50a). Hauek kontsumitzaile komunitarioak (%32a) jasotzen dituzten baserritar gizonezko gazteak dira, eta beraien ekoizpena espezializatu eta ekologikoa da. Jarraian 71 urtetik gorako emakumeek osaturiko baserritar kulturalen multzoa dago, «ohitura kulturalarengatik» egiten dutenak lan lehen sektorean. Eta azkenik, 55 urtetik gorako emakumeak, azokako jarduna beste lanbide batzuekin konbinatzen dutenak.

Begiristainen iritziz, ezagutza falta handia dago azoken eragin ekonomikoaren gainean. «Ez dago azokak arautzeko gobernantza eredurik eta ezinbestekoa da kudeaketa ereduak errepasatzea eta azoken errealitatera egokitutako estrategiak garatzea», adierazi zuen EHUko ikertzaileak.

Kontsumo arduratsua

Tarragonako Universidad Rovira I Virgiliko Antropologia, Filosofia eta Gizarte Laneko zuzendari den Maria Isabel Garciak azoken eta elikagai kontsumoaren arteko orekaz hitz egin zuen. Haren ustez, egun bizi dugun paradoxa nagusia goseteen eta gehiegizko produkzioaren arteko elkarbizitza da. «Ikerketa batzuek adierazten dute munduko elikagaien produkzioaren %50ek zakarrontzian bukatzen duela», ohartarazi zuen.

Garciaren esanetan, egungo gizakiok kozinatzearekin genuen lotura estu eta kulturala enpresa handien esku utzi dugu eta jada ez dakigu zertaz elikatzen garen. Jose Ramon Mauleon EHUko Soziologia Saileko irakasleak beste arrisku bat plazaratu zuen: «Ekosistema kutsatzen duen elikagaien produkzio prozesuak ezkutuko kostuak ditu, baliabide ekonomiko ugari bideratu beharra produkzioak kutsatutakoa konpontzeko».