GARA
IRUÑEA

Duguna dantza taldearen jaiotzara bisitaldia

Duguna dantza taldeak 1951ko ekainean estreinatu zen lehen ikuskizunari buruzko erakusketa dago ikusgai Iruñeko Kondestablen. Emanaldiaren jatorrizko oihalak, argazkiak eta jantziak biltzen ditu.

1951. eta 1953. urteen artean Euskal Herrian zehar herriz herri ibilitako Duguna dantza taldearen lehen ikuskizuna gogorarazten duten jatorrizko hiru oihal handi, bi agertoki txiki, hamabi argazki original eta jatorrizko partiturak daude ikusgai Iruñeko Kondestablearen jauregian: “Duguna 1951-1953. Iruñeko dantzarien genesia” erakusketan.

Iruñeko Udaletik gogora ekarri dutenez, 1951ko ekainaren 28an, Dugunak bere lehenengo emanaldia eskaini zuen Gayarre antzokian. Biharamunean Iruñeko prentsak zera zioen: «Dugunak benetako arrakasta eta distira handia lortu zituen, eta ikusle adituek koadro guzti-guztiak txalotu zituzten, ikuskizunarekin pozik». Hala hasi zen Euskal Herriko hainbat herritatik egindako ibilbidea: bi urtetan, 1951tik 1953ra, 22 emanaldi egin zituzten. Emanaldien eta ikuskizunak izandako harrera onaren atzetik «pertsona talde gogotsu baten lana» zegoen, koreografiak zein jantziak egiten zituztenak.

Erakusketan, emanaldirako Pedro Lozano de Sotesek margotu zituen oihalak ikusi ahalko dira: 10 x 6 metroko hedadura hartzen zuten eta paper gainean tenperaz margotu zituen, 1950ean. Horietako bakoitzean dantza bat irudikatzen da: Erronkariko minueta, “Amaya” operaren ezpata dantza eta “San Permiñetan” dantza. 50eko hamarkadako hainbat agertoki eta dekoraturen argazki originalak ere ikusgai daude, Dugunak lagatakoak, izenburu iradokitzaileekin.

Erakusketan karpetak eta liburuak ere badaude, Iruñeko Udaleko Dantzariak taldearen zuzendari eta Duguna antzerki ikuskizun folklorikoaren bultzatzaile izandako Francisco Arraras Sotok (1912-1978) eskuz idatzi zituen jatorrizko partiturez beteak. Partitura horiek antzerki ikuskizunaren harira sortu zituzten musikari eta egile euskaldun ospetsu batzuek, hala nola Guridi, Aita Donostia, Mocoroa, Bello Portu, Hilarion Olazaran, Garcia Leoz, Ramon Usandizaga eta Fernando Remachak. Emanaldietako esku-programak ere ikusgai daude, eta baita beste elementu berezi batzuk ere. Adibidez, dekoratuak gorde eta garraiatzeko erabiltzen ziren kutxak –2016an aurkituak–, ikuskizuneko jatorrizko jantzi eta objektuak edota zenbait dekoraturen pintura osagarriak, hauek ere Pedro Lozano de Sotesek eginak.