Literatura eta errealitatea, bat
Gazte hil zen Takiji Kobayashi. Hogeita hamar urterekin galdu zuen Japoniak XX. mendean izan zuen idazle ezagunenetakoa. Alderdi Komunistako militantea, tortura bortitzen eraginez hil zen 1933an –«edo bihotzekoak jota, munduko ministerio gehienek esaten duten bezala»–. Lau lan utzi zituen idatzita eta horietako bi berreskuratu ditu orain Katakrak-ek bere lehenengo nobelen zerrendan. Hiromi Yoshidak egin du euskarazko itzulpena.
Japonian, XX. mendeko lehen herenean egin zituen guztiak Takiji Kobayashik. Bere ibilbide laburrean langile giroko nobela laburrak idatzi zituen, nahiz eta bere lanak ez zituen eleberri gisa osatu, Japonian tradizio luzea duten literatur aldizkarietan argitaratuak izan baitziren. Horietako birekin nobelen aroa zabaldu du Katakrakek. “Nagusia kanpoan bizi da” eta “1928ko martxoaren 15a” liburu bakarrean bildu ditu, euskaraz, Hiromi Yoshidaren itzulpenarekin.
Japoniako nekazaritza-gizartearen eta jende xehearen ikuspuntura hurbildu zituen bere obrak Kobayashik eta, nahiz XX. mendeko hasierako lanak izan, badu bere hausnarketa eta garaiko irudietan munduarekin antzik, baita Euskal Herriarekin ere. «Ikusiko dugu XX. mendeko Japonia hartan zeuden kezkak, borrokak, erreferenteak oso antzekoak izan zitezkeela Euskal Herrikoekin, Europakoekin, Mexikokoekin», aipatu zuen atzo alearen aurkezpenean Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak.
Egitura sozialean alderik azpikoenean bizi zirenen bizimoduetara hurreratu zen Kobayashi, haien historietara, baina idealizatu gabe. «Hori da bere ekarpenik handiena –aipatu zuen–. Garbi dauka aldaketa nekazariek, langileek, etxekoandreek ekarriko dutela, baina ez dutela aldaketarik ekarriko ezagutzen ditugun pertsona xeheek, errotik aldatu behar dituztelako hainbat gauza». Adibidez, generoa edo misoginia.
Fresko sozial bat
Literaturak eta errealitateak bat egiten duten puntua da, Iñigo Aranbarriren ustez –hitzaurrearen egilea–, Kobayashiren obra. «Badira errealitatea gainera etortzen zaien idazleak», eta berea da adibideetako bat. Bere bi lan horiek «folletoi iraultzaile» eran argitaratu zituen, eta «antzematen da tonuan, idazkeran, estiloan eta gorabeheretan».
XX. mendea hasita dagoela, Japonian aldaketak sortzen hasiak dira. Sortzen da burgesia nazional bat, baina jende xehearen miseriek egoera berberean jarraitzen dute. «Badago errealitatearen aurkezpen bat, jendea nola kontzientzia hartzen ari den, baita amaiera itxaropentsu bat ere».
“Nagusia kanpoan bizi da” 1929an eman zen ezagutzera. «Fresko sozial handi bat da, herri txiki bateko paisaia soziala. Pasatu da Errusiako gerra eta horrek arrastoa utziko du gizartean, baina ia dena lotuago dago Erdi Aroko sistema produktibora».
Armadaren irudia ere baliatzen du Kobayashik boterearen eta herriaren arteko mailaketa irudikatzeko, «aberatsak nola baliatzen diren egitura horiek pobrez betetzeko».
“1926ko martxoaren 15a” lan «teatralagoa» dela uste du Aranbarrik, nahiz trataera aurrekoaren berdina den, giza kondizioan sakontzen baitu bertan ere.
Japoniako lehenengo hauteskundeetaraino doa, gizonezkoen sufragioekin egindako estreinakoak. Alderdi Komunista legez kanpokoa bada ere, ezkerreko beste talde batzuk sartuko dira gorteetan. Ezkerreko jendearen ehiza hasiko da orduan, legez kanporatzeak, kartzelatzeak... Hortik sortzen den mugimenduan haztatzen du Kobayashiren bigarren lanak. «Etortzen da sindikatuko profesionala, gaur egungo liberatua –esan zuen ironiaz Aranbarrik–, eta etxekoandreari ez zaio gustatzen. Eta une batean esaten du: ‘Iraultza sukaldean hasten da’».
Kontakizunaren gai nagusia, nolanahi ere, tortura izango da kontestu horren baitan. «Atxilotuetako batzuk ziegetara eraman eta torturatu egingo dituzte. Tortura sistematikoa da, mekanizatua dago, baina badaude umore keinuak, xalotasun horretan ikus daitezkeenak». Handik lau urtera, hain zuzen, Japoniako polizia inperialak atxilo hartu zuen Kobayashi. Preso hartu zuten, jipoitu, hotzetan eduki eta ospitalera eraman zuten, baina beranduegi. «Eta munduko ministerio guztiek esaten duten bezala, bihotzekoak jota hil zen».