Mikel Jauregi
Kazetaria
JO PUNTUA

«Una, grande, libre»: Guardiola ez, Oleguer bai

Kataluniaren independentziaren gaineko erreferendumaren data eta galdera iragarri ostean, Espainian kasik oihartzun handiagoa izan du Carles Puigdemonten iragarpena babesteko igandean Bartzelonan egin zuten ekitaldiko protagonistetako batek Generalitateak finkatutako bide-orriak baino. Pep Guardiolaren presentziak eta hitz-hartzeak aztoratu egin du hainbat eta hainbat.

Telebista eta irratietan, prentsa idatzian, sare sozialetan... Manchester Cityko entrenatzaileari, egurra. Eta batik bat, kirol saioetan eta kirol kazetarien ahotik! Espainia «Estatu autoritarioa» dela esateagatik, kazetari, tertuliano eta politikari «una, grande, libre»-zaleek hipokritatzat jo dute Guardiola, futbolari profesionala zenean Espainiako elastikoa janzteko, publikoki bederen, arazorik izan ez zuelako. «Klaro, orduan dirua hartu eta mingaina zulora!»; halakoak leporatu dizkiote. Eta Sampedorren sortutako entrenatzaile bikainaren ustezko kontraesan horietan hatza sartzearren, Oleguer Presas jarri dute koherentziaren adibidetzat. «Hura behintzat garbia izan zen: ez zen espainol sentitzen, ez zuen jokatu nahi selekzioarekin, eta uko egin zion joateari».

Hemeroteka gauza ederra, eta kabroia, da, ordea. Orain Oleguer jokamolde zintzoaren eredutzat aurkezten duten horiek berek sekulakoak bota zituzten bere aurka 2006ko Munduko Koparako dei ez zezatela eskatu zionean Luis Aragones hautatzaileari; zer esanik ez, Iñaki de Juanaren aurkako jazarpena eta Estatu espainolaren errepresioa salatzen zituen iritzi artikulua idatzi zuenean... Oleguer janzten zuen kirol markak, koherente eta garbi agertzeagatik, patrozinioa kendu zionean txaloka eta bibaka hasi ziren-eta... Bai, iritzia libre emateagatik, Nacho Fernandez galiziarrari «antipatriota» eta «Espainiaren etsai» esan zioten berberak.

Espainiak «una, grande, libre» zaleak maite ditu; eta bestela, disimulatu, isildu eta meneko agertu beharra dago. Horiek ere hala moduz ametitzen ditu.