17 JUN. 2017 poesía Haurrak ez daude parkean soilik Iker ZALDUA Hartu liburua esku artean eta saiatu zirrararik sentitu gabe irakurtzen; errobotaren antzera irakurri arren, ordenagailuko ahots inpertsonalean sartuta entzun arren, ezinezkoa da; ileak tente eta bihotzean dardarak ez sumatzea ez da posible. Gordina da, oso gordina, poesia-liburu honetan Alaine Agirrek modu narratiboan kontatzen diguna. Zentro psikiatriko batean sartuta, iltzatuta, giltzapetuta dagoen lehen pertsona ari zaigu ikusten, sentitzen eta nabaritzen duena idazten, eguneroko baten segidan, denbora astiro bezain ilun amiltzen den 33 aldi laburretan. Ongi ezagutzen du barruti hori, kartzela hori idazleak, egonaldia egina baitu halako zentro batean, eta ez bisitan: «Leihoak zirrikitu bat dauka / korridorea egurasteko adina / ez guk geure buruaz beste egiteko lain». Gu aipatzen du, bere burua sartzen du pazienteen artean, eta azaltzen ditu hango harremanak, erizainaren hoztasuna, garbitzailearen samurtasuna eta pazienteen arteko egiazko eta gezurrezko sekretuak: «Geure artean hitz egiten dugu / zigarroa eskuetan / ahotik kea, egiaz eta gezurrak / darizkigula». Erritmo bizia du ezaugarri Agirreren idazkerak eta hemen ere ziztu bizian egingo dugu aurrera, orrialdez orrialde, listua eztarrian trabatuta, ez atzera, ez aurrera dugula. Gogoan dut jakintsu batek behin esan zidala haurrak ez direla soilik parkean egoten, bada antzeko zerbait idazten du Alainek: «Hemengo jendea / ez da / inola ere / dirudiena./ Kalean bezala». Esaldi batzuk esateko esanahiaren esperientzia izan behar duzu barneratuta, egoera batzuk ulertzeko bizi egin behar dituzu uneak. Horrenbestez, gordina da idazkera, erritmo bizikoa baina ezinbestekoa den umore dosi txiki batekin, suizidioaren mamua eta bele beltzak bisitari izaten dituen gune batek behar baitu, ezinbestez, oreka mantentzeko bada ere, umore zentzugabea: «W doktorea / sekula ez dizut esan baina / zure bekain lodi eta bizar zuri-hori / tabakoz zikindutako horrekin / schnauzer txakur handi baten antza duzu». Ez bilatu hemen irudi borobilik, maisutasunezko hitz-jokorik edo adiera desestaltzeko berrirakurketa eskatzen duten bihurrikeriarik. Poesia zuzena da, narratiboa, «return» sakatuta poesia bilakatuta narrazioa. Irakurtzen hasita, saihestezina izango zaizu, ordea, jarraitzea, kolpe bakarrean kito egin arte. Eta ondoren, etorriko da gogoeta, ondoren pentsatuko duzu kalean ikusten dena ez dela egia, edo egiaren parte bat besterik ez dela, edo gezurra dela, edo gezurraren parte bat, norberak nahi bezala, bakoitzak bere buruari jartzen dion engainu gramoen arabera. Baina, lasai, pertsona normala bazara (edo arrunta), berehala pasatuko zaizu, telebistako albiste hutsal batek aurrez ikusi duzun albiste iluna estaltzen duen moduan estaliko baitu uneko sentimendu hori egunerokotasunak. Baina, gogoratu jakintsuak esandakoa, haurrak ez daude parkean soilik, beste leku askotan ere badira haurrak, ikusi ez arren, haietaz oroitu ez arren, haien existentziaz jakitun ez izan arren, norberari egokitu arte edo Alaine Agirreren moduko idazle batek muturren aurrean agerrarazten dizun arte.