17 JUN. 2017 HAUR LITERATURA Oporretan herrian Xabier ETXANIZ ERLE Liburuaren izenburua irakurrita abenturazko edota misteriozko nobela baten aurrean gaudela ematen du baina, egia esan, hurbilago egongo litzateke kronika batetik. Opor batzuen kronika, alegia. Unax, hamar bat urteko mutikoa, dugu istorio honen edo eguneroko honen narratzailea; testua eguneroko bat baita, bukaeran dioen moduan, «Amaitu dira oporrak eta amaitu da eguneroko hau idazteko lana (…) Irakasleak notarako izango zela abisatu zigun», eta Unaxek abuztuaren 1etik 20ra bitartean, 21 kapitulu edo ataletan kontatuko dizkigu Otxanten igaroko dituen egunak. Aitona-amonak zaindu behar dituztela eta, aurten ez dira lagunekin oporretara joango eta Nafarroako herri txiki batean igaroko dituzte oporrak. Irakurlea berehala jabetuko da Unaxen haserre eta egonezinaz: «Amorratuta nago», hitz horiekin ekiten baitio oporraldien narrazioari. Otxanten ez dago haurrik eta egunak bakarrik, aitona, amona eta amarekin pasatu beharko ditu. «Seguru ez dagoela munduan Otxante baino leku aspergarriagorik (…) Hain da aspergarria, katuak ere harrizko estatuak bezala egoten dira etxeko atarietan, biboterik mugitu gabe». Horrela, aitona gurpilean paseatzera ateratzen duenean Unaxek herriko txoko guztiak ezagutu, aitonarekin jolastu eta denbora pasatuko du. Baina abuztuko gertakari lehorte hori bi kontuk hautsiko dute; alde batetik etxe ondoko jauregian «zerbait» ikusten du Unaxek, tximino bat edo, gauez ateratzen dutena eta egunez ezkutatuta dutena. Bestetik, herrira bere adineko neska bat agertzen da, Garazi, eta horrela Unaxek badu lagun bat jolasteko, bainatzeko, berarekin paseatzeko… eta aurrerago jauregira ezkutuan sartzeko. Unaxen jarrera oldarkorraren aurrean, Garaziren gogoetarako jokaera ageri zaigu; nola jokatu, gertakarien aurrean nola erantzun, zer egin… erakutsiko digu Garazik, eta alde horretatik mutikoaren fantasiaren eta irudimenaren aurrean errealismoa ezarri. Aipagarria da, esaterako, Unax, Orkatz eta Garazi elkarrekin dauden lehen aldian neskak duen jokabidea, nola bideratzen duen egoera, baten beldurraren eta bestearen haserrearen aurrean adiskidetasuna eta konplizitatea bilatzeko. «Hasieran (Orkatz) mesfidati ibili da nirekin. Ni ere bai berarekin, baina gero, lagunak egin gara. Selfie bat egin dugu hirurok». Maribel Aiertzak nahiko ondo lortu du narratzailearen ahotsa, kontatzen duena sinesgarria izatea eta narratzailearen adinari egokitua. Unaxen pertsonaia, baita Garazirena ere, ongi lortuak daude eta narrazioak, egunerokoak, Unaxen bizimoduak dituen gorabeheren arabera irakurleak ere egun entretenigarriagoak, biziagoak, aspertuak… ezagutuko ditu. Egoera horrek guztiak, baina, badu une goren bat, jauregira sartu eta sotoan ezkutaturik –preso, esan beharko genuke– dagoen haurra (eta ez tximinoa) ezagutzen dutenean. Orkatz, ilez beteriko haurra eta bi helduk ezkutatuta dutena gero zirkuan ume-otso moduan aurkezteko. Arin irakurtzen den liburua dugu Jauregiko sekretua; liburuaren egiturak horretan laguntzen du, bai eta lehen pertsonan kontatuta egoteak ere. Izan ere, berehala identifikatzen gara protagonistarekin eta berarekin batera aspertu, sufritu, gozatu, barre egin eta ikara pasatu ahal izango baitugu. Oporretako istorio atsegina, edozein unetan irakurtzeko modukoa.