Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

EH Bildu berria, ziklo berrirako tresna

García Linera boliviarrak dio olatuak gertatzen direla jendarte borroketan, aurrerapen eta atzerakadak, suspertze eta mantsotzeak, gorakada eta jaitsierak… eta oso zaila dela barnean egonda zein unetan zauden antzematea.

Non gaude oraingoan Euskal Herrian? Xibertako saiotik 40 urte pasatu dira; haustura eta erreforma estrategiak elkarren aurka jarri ziren orduan, eta hamarkada batzuk iraganik, bestelako ezaugarriak hartzen baditu ere, antzeko bidegurutzean gaude. Espainiar eta frantziar estatuekiko menpekotasunaren kudeaketa ala agertoki berrien eraikuntza; hori da hautuen arteko lehia. Areago, prekarizazio orokorraren garai hauetan, gurean, burujabetza bizitzaren defentsa da, dena suntsitu nahi duen globalizazio neoliberalaren aitzin. Esanguratsuki, neoliberal sutsuak dira Rajoy eta Macron, gure herriaren burujabetzaren aldarrikapena eraldaketa estrategia emankor bakarra delarik, Iglesiasek zentsura mozioaren eztabaidan bestela adierazten bazuen ere.

Ziklo luze batetik gatoz, zeinean oso gogorra izan baita gatazka. Gauzak ez dira errazago izaten ari une berri honetan, baina nabarmena da agertoki berriak irekitzea lortu dugula, oztopoak nonahi atzematen baditugu ere. Borroka ziklo berria sustatzea da lortutakoa eta bidean galdutakoa aintzat hartuta urrats berriak egiteko bide bakarra. Eta ziklo berrirako, nondik gatozen beti gogoan, ideia, egitasmo, borroka molde, antolakuntza eredu eta proposamen berriak behar ditugu, egoera eraldatzeko gai izanen direnak.

Hau da EH Bildu berriaren eztabaidaren kokapena. Edozein berrikuntzak erresistentziekin topo egiten du. Ulergarria da, baina inertziak, pertsonalismoak, alderdikeria tentaldiak, berriaren aurreko beldurrak eta abarrak gainditu behar dira, aurrera jarraituz.

Ez dakit olaturen zein fasetan gauden, baina EH Bildu funtsezko eragilea izanen da olatu berriak bultzatzeko, hori ziur!