Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Eta etsaia geu bagara?

Errazagoa omen da munduaren bukaera imajinatzea kapitalismoaren bukaera baino. Bizi dugun garaiaren ideologia dominantea, kontsentsu neoliberala, sarritan, sinpleki, zentzu komuna kontsideratzen da. Errealismo kapitalista horrek ez du soilik esaten sistema politiko eta ekonomiko bideragarri bakarra kapitalismoa dela, haren alternatiba koherente bat orain imajinatzea ezinezkoa dela ere badio.

Ez omen dago, beraz, alternatibarik. Ez utopia komunista gorri-gorririk, ezta bide infragorria ere, kapitalismoa erabiliz erradikalki alternatiboa izango den gizartea eraikitzeko estrategiarik. Eragiten dituen hondamendi eta miseria guztien froga eta seinaleen bilduma egiten segitzen dugun bitartean, XIX. mendeko idealak XXI. mendeko errealitateetan estali egin zaizkigu.

Eta ez, ez dago zepoan erortzerik. Ez dago ustez gogorr-gogorr baina egiatan makal-makala den ezker batean gotortzerik, masek zer nahi duten jende horrek baino hobeto dakien talde elitista partikular bat bilakatzerik. Ezta paradoxan paralizatzerik; hots, jendeak nahi duena besterik gabe ontzat hartu, nahi duen guztia jadanik daukana dela ohartzeko, antzutasun politikora kondenatuz. Eta ez hasi pelikula luzerik kontatzen, metanarratibak sinesgaitz direlako, egungo kapitalismoaren logika kulturala.

Etxea sutan da eta ez dakigu goazen ala gatozen, atea non dagoen. Sistema ez da jasangarria, datxekion demontrea du hori. Bere logikaren arabera etengabe hedatu behar du, baina baliabide mugatuak dituen inguru batean bizi da. Ulertzen dugu problema baina ez daukagu horretarako erantzunik. Etsaiarekin topo egin dugu eta hura geu gara.