GARA Euskal Herriko egunkaria

Betirako argia


Nik azaltzen ez badut ez du inork azalduko» aitortu zuen Mikel Etxeberria Makauen euskal militanteak oraintsu argitaratu den elkarrizketa batean. Bere bizi esperientziaz ari zen, soldaduska utzi eta zergatik desertore bilakatu zen, zergatik erabaki zuen gudari izatea, zergatik sartu zen ETAn, zergatik eskaini zion bizitza maite zuen herriari. Pasa den astean zendu da, eta azaltzeko asko utzi ditu, gehiegi. Gotzon Goieaskoetxeak ere asko zeukan azaltzeko, liburu edo film bihurtzeko adina, hala iruditu zitzaidan Urruñako etxean bere emazte Lourdesekin ezagutu nuenean, «egun batzuk pasatzera etorri ginen Iparraldera, eta hemen daramatzagu 40 urte» erran zidan «egun on» erraten den lasaitasun berarekin. Gotzon eta Lourdes, biak euskal militante, biak xume, biak handi; eta biengandik sortutako bost seme, haietarik bi kartzelan oraino… Historia dago horren guztiaren barnean, eta kontatzeke utzi ditu Gotzonek, Busturiara itzuli berritan zendu baita. Beharrik etxekoek memoria eta izate tinkoa duten, haiengan bizirik jarrai dezaten, aitak eta bizipenek. Euskal Herrian azken urteotan bizi izandako gatazka politiko armatuaren errelatoa hain garrantzitsua bihurtu den garaiotan, gordezuloan jarraitzen baitute lau haizetara hedatu behar liratekeen bizi esperientziek. Zauri asko daude itxi gabe, eta zornerik gabeko orbain bihurtzeko azalpenek bidelagun izan behar dute. Mingarria baita gerraren estrategiari fermuki eusten diotenek hildako euskal militante bakoitzaren gainean heien pozoia nola jaurtitzen duten ikustea. Preso bakoitza, iheslari bakoitza, deportatu bakoitza, mundu bat da, ezezaguna eta iluna, eta argitara eramanaz ezagutua izatea merezi duena.