24 JUN. 2017 Aizkora Zubiaga ez da arituko Arabako final nagusian J.L. Arabako Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko da gaur, 19.00etan, Rivabellosako plazan. Bertan, Arkaitz Jauregi, Iñaki Kintana, Juan Rodriguez eta Juanillo Rodriguez lehiatuko dira. Beraz, bi arabar eta bi segoviar izango dira aurrez aurre. Segoviarrak izan arren, Arabako Federazioan daukate lizentzia, eta ondorioz herrialde horretako txapelketetan parte hartzen dute. Gaurko finalean izan behar zuen bosgarren kirolaria Zubiaga zen, baina Arabako txapela behin baino gehiagotan jantzi duen aizkolariak uko egin dio gaurko finalean izateari, eta ondorioz datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu finalean zehar. Arkaitz Jauregi da txapelduna, eta gaurkoa irabazteko faboritoa ere bera izango da. Oso egun txarra izaten ez baldin badu behintzat, txapelak beretzat izan beharko luke; izan ere, gaur egun besteak baino koska bat gorago dago. Hala ere, lanak bukatu egin behar izaten dira eta gainerakoek ere txapelduna estu hartu nahiko dute. Finalean arituko diren lauretako inork ez du mailarik galduko, Zubiaga jaitsiko delako, eta horrek gainerakoei nolabaiteko lasaitasuna ere ematen die. Txapeldunen Liga Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga datorren asteartean abiatuko da, eta aurtengoan ere Bakarkako lau onenak lehiatuko dira. Hasi Hernanin egingo da, 12.30ean, eta bertan Iker Vicente eta Ugakitz Mugertza jardungo dira aurrez aurre. Urrezkoan bi aizkolariek maila bikaina eman zuten eta saioa ikusgarria izatea espero da.