Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

DNA proba egiteari uko egin zion laborariaren alde egin du Europako Auzitegiak

Jean-Mixel Aizagerren bizitza pribatua neurriz kanpo kaltetzeagatik zigortu du Estatu frantsesa auzitegiak, eta horrekin, zeharka, auzitan jarri du Parisek abian jarririko DNA datu basearen erabilera neurrigabea.

Jean-Michel Aizager Ortzaizeko nekazariari arrazoia eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Hala, Estatu frantsesak 3.000 euro eman beharko dizkio eragindako kalte moralengatik eta beste 3.000 prozedura judizialaren gastuak ordaintzeko. Nicolas Sarkozyren garaian Frantzian martxan jarri zen aztarna biologikoen bilketa kolokan jarri ez badu ere, Europako Auzitegiak DNA datu baseak sor ditzakeen eskubideen bortxaketak saihesteko neurriak hartu ez izana egotzi dio Parisi.

Frantziako Auzitegi Konstituzionalak fitxategiaren sorrera babestu zuen 2010ean, jatorrian sexu delituak argitzen laguntzea xede izanik. Hala ere, fitxategian datuak atxikitzeko epeari buruz eta aztarna horiek behingoz ezabatzeko baldintzen inguruan hainbat ohar egin zituen.

Ebazpen horrek jasotzen zituen gomendioak ez direla aintzat hartu kritikatu du bere erabaki honetan Estrasburgoko Gorteak. Hartara, epaileek argiki adierazi dute 2009. urtean Baionako auzitegiak eta bi urte beranduago Paueko Dei Auzitegiak laborariari ezarri zioten zigorra –baldintzapeko hilabeteko espetxe-zigorra eta 500 euroko isuna– neurriz kanpokoa izan zela.

Giza Eskubidearen Kartaren 8. artikulua bere kasuan ez zela errespetatu azaldu ondoren honela dio auzitegiaren ebazpenak: «Bizitza pribatuaren gaineko halako bortxaketa ezin da inondik inora beharrezkotzat jo gizarte demokratiko batean».

Estatu frantsesean indarrean den larrialdi egoera zeharka aipatuz, laborariaren defentsa eraman duen Anne-Marie Mendiboure abokatuak adierazi duenez, «testuinguru zail batean, non askatasunen murrizketak badiren, oso inportantea da ebazpena».

ELB sindikatuaren ustez, «garaipen ederra» da Estrasburgok «ekintza sindikalen kriminalizazioa eta jendeen fitxaketa masiboa ezin direla onartu» esatea. Era berean, sindikatuak bere esperantza agertu du ebazpena «agian, aitzindari izan daitekeelako beste anitz aferentzat», Europako justiziak «gizarte demokratiko batean horrelako neurriak ez direla beharrezkoak» adierazi baitu.