26 JUN. 2017 Aizkora Arkaitz Jauregik eutsi egin dio Arabako txapelari J.L. Ez zen inongo ezusterik izan, eta Arkaitz Jauregik irabazi zuen herenegun Arabako Lehen Mailako txapela. Bera zen txapelduna eta irabazteko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituen. Bost ziren parte hartzekoak, baina Zubiagak uko egin zion aritzeari, eta, ondorioz, Bigarren Mailara jaitsiko da. Jauregik finalean aritu ziren gainerakoei alde handia kentzen die, eta hori argi geratu zen izandako denboratan, hiru minututik gorako tartea kendu baitzion bigarrenari. Lehiarik handiena bigarren posturako izan zen Kintanaren eta Rodriguez II.aren artean, baina azkenean aurrenekoak eskuratu zuen postu hori. Arkaitz Jauregik 19 minutu eta 43 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Atzetik, Iñaki Kintana (19.43), Juanillo Rodriguez (20.41) eta Juan Rodriguez (23.02) sailkatu ziren. Txapeldunen Liga Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga bihar jarriko da abian Hernanin, Ezkiaga pasealekuan jokatuko baita 12.30ean aurreneko kanporaketa. Bertan, Iker Vicente eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira. Bakarkako Urrezko Aizkorako lau onenek hartuko dute parte lehiaketan, eta Hernanikoa lehen kanporaketa izango da. Saio erakargarria espero da; gainera, lehiaketa ofizialak ere gerturatzen ari dira, eta, ondorioz, bi aizkolariek maila ona erakutsi nahiko dute.