Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

«The Game»

Bukatu dira fikzioak, errealitateak fikzioa gainditu duenetik Europar Batasunean sartzeko joko latzari the game deitzen diote iheslariek. Etsipenak, urduritasunak eta esperantzak nahasten dira harresiaren bestaldean. Khalid seigarren aldiz saiatuko da harresia pasatzen, «atzo biluzik eta begiak estalita nituela ostikoka futbolera jolastu zuten nirekin poliziek, mozkortuta zeuden». Shafiullah 16 urteko gazte afganiarrak aurpegia azidoz erreta dauka, bigarren klaseko errefuxiatua sentitzen da; «Siria eta Irakekoak bakarrik ikusten dira albisteetan, gu ez gara existitzen ere», dio etsipenez. Generadore baten bitartez mugikorrak kargatzen dituzte familiari ondo direla esateko, nahiz eta gezurra izan. Bidaia txartelik gabeko “bidaiariak” dira. Jo, hil, bortxatu edo trafikatzaileen esku geratzen diren “papergabeak”, “ilegalak”.

Europan zehar 10.000 haur eta gaztetxo leudeke desagertuta. 2016an 5.000 pertsona ito omen ziren Mediterraneoan, horietatik 423 haur. 1989an munduan zehar 11 harresi zeuden zutik, egun 70 harresi daude. Mapamundian Idomeni, Lesbos, Kos, Calais... non dauden ikasi dugu. Danteskoak dira irudiak askotan, lazgarriak.

Frantzisko aita santuarentzat krimenak dira heriotza hauek, baina errezatzera gomitatzen gaitu; Jean-Claude Juncker preokupatua omen dago, eta, Ahmed ben Tahar bakearen Nobel saridunarentzat, Europak hildakoen alde negar egiten duen bakoitzean krokodiloaren malkoekin egiten du negar.

Giza eskubideen aldarrikapen unibertsalak esportatzen dituen Europa humanista honen, Rousseau, Montesquieu, Hobbes zein ilustrazioko legatua jaso duen Europa honen hipokrisia sozial eta politikorik handiena da errefuxiatuena. Baina hauek dira joko arauak. Besaulki erosoen ongizatetik begiratzen diogu bizirauteko joko makabro honi.

«Alde honetan ere ametsak badaude» diote harresiaren bestaldera dauden the game-eko jokalariek. Eta guk, humanistok, txarrantxa hesiez urratzen dizkiegu ametsok.