GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Iker Vicentek irabaziz ekin dio Txapeldunen Ligari

Otsagabiko aizkolariak bi minutu pasako aldea atera zion Mugertza II.ari.


Iker Vicentek irabazi zuen atzo Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako aurreneko jardunaldia. Hernanin jokatu zen neurketan, Otsagabikoak bi minutu pasako aldea atera zion Ugaitz Mugertzari. Lehiaketa honetan Bakarkako Txapelketako lau onenak lehiatuko dira.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta hor hasi zen nafarra garaipenerako bidea egiten. 32 kolpean erdibitu zuen bere enborra Otsagabikoak, eta 12 segundoko aldea atera zion mutrikuarrari.

Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erdibitu behar izan zuten erlojuz kontra, eta Vicente II.ak 58 segundoan bota zuen berea, eta beste 15 segundo sartu zizkion aizkolari gipuzkoarrari. Hirugarren lanean, zutikako 45 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta Ikerrek garaipena lortu zuen atzera, bere jarduna 2 minutu eta 18 segundoan amaituz. 20 segundoko abantaila lortu zuen lan horretan. Lehen hiru lanak amaituta, 47 segundoko aldea zuen bere alde Otsagabiko gazteak.

Laugarren saioan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta hori ere Ikerrek irabazi egin zuen. Enborra, 3 minutu eta 2 segundoan bota zuen, eta minutu eta 13 segundoko aldea atera zion bere atzoko aurkariari. Laugarren saioan iritsi zen Mugertza II.aren garaipen bakarra. Zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten, eta hor gipuzkoarrak irabazi zuen. Bere lanak 4 minutu eta 8 segundoan burutu zituen, eta aurka zuen aldea zazpi segundoan murriztu ahal izan zuen. Amaitzeko, iraupen proba bakarrik geratzen zen, eta Vicente II.ak minutu eta 53 segundoko aldea zeukala sartu ziren saio erabakigarrira.

Azkeneko proban bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar zituen, eta hori ere aizkolari nafarrak eraman zuen. 13 minutu eta 52 segundoan egin zituen egin beharrekoak, eta 11 segundoko aldea atera zion oraingo honetan gipuzkoarrari. Lan guztiak amaitzeko, 24 minutu eta 57 segundo behar izan zituen Iker Vicentek, eta 27 minutu eta 2 segundo, berriz, Ugaitz Mugertzak.