Zaharkitutako ipuina
Betazalak ezin altxatu dago, baina ezin dizkio bere buruari beste bost minutu oparitu. 06.30, beste egun bat aurretik eta zeregin zerrenda luzeegia nagikerian hasteko. 09.00etan lanean behar du, puntuan arratsaldean lantokitik kanpo dituen zeregin guztiei heldu nahi badie. Aurretik, ordea, etxea atondu behar du, bazkaria prestatu eta seme-alabak ikastolako zaintza zerbitzura eraman behar ditu.
Lanerako bidean, bizkarrean zama gehiegi daramala pentsatu du une batez, nazkatuta dagoela. Baina atea gurutzatu duenean uxatu du ideia hori, maitasunagatik egiten duela esan dio bere buruari. Gainera, aski indartsua da hori guztia eramateko. Eta beste egun batez hala egin du, aurrera. Autoan haurren bila doala entzun du irratian estatistikek diotela emakumeek gizonek baino ordu gehiago ematen dutela seme-alaben zaintzan. Egunean 4,7 ordu emakumeek, 3,3 gizonek. Izan ere, azken hauek euren ibilbide profesionalerako kaltegarri ikusten dute kontziliaziorako baimenak eskatzea. Ez da halakorik entzuten duen lehen aldia eta pentsatu du ondo legokeela hurrengo estatistikak ematen dituztenerako gauzak aldatzen hasiak balira.
Etxera bueltan, egunaren bigarren itzuliari ekin dio. Garbigailu, zartagin, ogitarteko... eguneroko borroka. Irribarrearekin eskertu diote gaur, beste batzuetan haurraren kasketa izaten du ordain bakarra. Dagoeneko bete ote ditu gaurko 5 orduak?, galdegin dio bere buruari.
Txikia zenean kontatzen zizkioten ipuinetan ikusi du bere burua: emakume-ama-alaba zaintzailearen paperean. Eta paper hori normaltasun erabatekoaz asumitu dela ohartu da. Bihar beste ipuin bat kontatuko die seme-alabei.