Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Potentziala

Jeremy Corbyn buru laborista Glastonbury musika festibal erraldoian izan da. Bertan bilduta zeuden dozenaka milaka gazteen aurrean mikrofonoa hartu eta itxaropen mezu bat helarazi die. Politika eguneroko bizitza dela funtsean. Gure ametsak eta lorpenak. Guretzat nahi duguna eta gu guztiontzat nahi duguna. Demokrazia boto eskubidearen alde borrokatu ziren langileen eta emakumeen garaipena dela gogorarazi zien. Goikoek ez digutela ezer oparitu. Eta badela mundu hobe baten itxaropena, batuta mantentzen bagara.

Handiak dira ezkerraren ezinak Europan zein Euskal Herrian. Ez da dudarik. Erraza da, esaterako, Grezian Siryzak egin duena traizioa dela esatea. Erraza da oso ere Gipuzkoako Diputazioan Bilduk egindako erreforma fiskala karikatura hutsa izan zela esatea. Erraza da halako kritikak eta okerragoak egitea tabernako barran, baina bestela ez da oso serioa.

Ez da serioa, analisi horiek ez dutelako kontuan hartzen, besteak beste, zein izan den kasu bakoitzean gobernuan egon den ezker horrek izan duen indar harremana. Ez da serioa, ez duelako kontuan hartzen parean dagoenaren indarra, jendearen beldurrak... Eta ez da serioa ez duelako autokritikaren zantzu minimorik ere. Galdetu al dio bere buruari halakoak esaten dituenak zer egin zuen berak establishment-aren aurrean ezkerraren indar harremana hobetzeko?

Corbynek azaldu bezala, ezkerraren indarra izatekotan batasunean egongo da. Estrategia eta helburu konpartituak behar ditugu. Eta horrek denok interpelatzen gaitu. Zer uzteko prest dago gutako bakoitza win-win eskema bat garatu ahal izateko?

Euskal Herrian lorpen handiak izan ditugu eta horiek ez dira EAJren patrimonioa soilik, hala saldu nahi badute ere. Hemen politika sozial hobeak izan ditugu, bizi baldintza hobeak izan ditugu, besteak beste, ezker indartsu bat aritu delako borrokan, klase sindikalismo borrokalaria izan dugulako eta horrek ezkerraren indar harremana hobetu duelako. Beraz, ez da zaila imajinatzea ezkerreko bloke soberanista batek herri honetan izan dezakeen potentziala. Ikaragarria.