01 JUL. 2017 IKUSMIRA Mundu berriak ez al ditu eredu berriak eskatzen? Nerea GOTI Kazetaria Lanbide honek mundu berrietara hurbiltzeko aukera ematen du askotan. Duela gutxi hezkuntza eredu berritzaileetara gerturatzeko parada izan dut, ikasteko beste bide batzuk planteatzen dituzten horietako batzuetara, behintzat. Ez naiz azterketa sakonetan sartuko, ez naiz aditua, baina egitasmo horiek bultzatzen dituztenei entzundakoak zer pentsatua ematen du. Jakina da beharrizan, izaera, interes eta erritmo desberdinak daudela eta horietako asko ez direla ohiko eskola sistemara egokitzen edo, beste era batera esanda, bistakoa da ohiko hezkuntza ez zaiela izate berezi horiei egokitzen. Eredu berriek beste aukera bat suposatzen dute eta ez bakarrik ikasle berezientzat, baizik eta egiteko, izateko eta ikasteko beste era batzuk badaudela sinesten dutenentzat, era askean, norberaren hausnarketa eta interesak piztuz. Atentzioa eman dit inguratzen gaituen munduari begiratzen diotela eta etengabe aldatzen dagoen lan munduan tituluak baino sormena, talentua, motibazioa eta gaitasuna garrantzitsuagoak ez ote diren planteatzen dutela. Eredu berritzaileak ez dira berriak; esperimentatu eta garatutako ikasketa prozesuak biltzen dituzte. Ohikoaren ondoan eskaintza aniztunago bat egiten dute, zalantzarik gabe, baita bide berriak erakutsi ere. Betikoak indar handiegia jartzen du edukietan eta berehala jaso beharreko emaitzetan. Ados nago entzundakoarekin, «hunkigarria izango litzateke ‘herri zoriontasun gordina’ areagotzen saiatuko bagina abangoardiako hezkuntza ereduak landuz», mundua berrizten doa, eredu berriak eskatzen ditu.