03 JUL. 2017 Entrevista IMANOL ALVAREZ ETA EKAITZ HERRERO EHGAM EUSKAL HERRIKO GAY-LES ASKAPEN MUGIMENDUA «Imajinatzeko gaitasun hori berreskuratu behar da» 40 urte bete ditu aurten mugimendu asanbleario honek sexu askapenaren alde borrokan, eta Imanol Alvarez fundatzaile bilbotarrak bertan segitzen du militatzen, bere-berea duelako. Bertako gazte taldean, Gaztehgam-en ibili zen Ekaitz Herrero getxoztarra. Ehgam guztiz aitzindaria izan zela eta lantzen bada mugimenduak errateko eta irabazteko aunitz izanen duela defendatu du gazteak. Última actualización: 03 JUL. 2017 - 06:23h Maider IANTZI BILBO Imanol Alvarez Ehgam Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren sortzaileetako bat da. Berrogeigarrenez, ekainaren 28ko manifestazioan parte hartu zuen bere hirian, Bilbon, eta harrigarria izan zela adierazi digu. Batez beste 1.500 lagun inguru biltzen omen dira; asteazkenean, ordea, 4.000tik hurbil izan ziren. «Moyua plazako abiapuntura heldu eta jada ikusten zen aurreko urteetan baino askoz jende gehiago zegoela. Asko gaztetxoak, gainera. Pozteko modukoa da hori». Bertze aldean, gero eta eraso homofobo gehiago daude. Mikrohomofobia ere bada, mikromatxismoa dagoen bezala. «Ezin da esan gizartea homofoboa denik kontzienteki, baina badaude sektore batzuk ideologikoki homofoboak direnak. Uste dut konturatzen hasiak direla gero eta gutxiago direla. Legeak aurrera doaz, gero eta erakunde gehiago agertzen da kolektiboaren alde, eta amorratuta daude. Hortik sortzen dira erasoak: batzuk hitzezkoak, besteak HazteOir bezalako talde antolatuenak, eta fisikoak ere bai. Gasteizen gertatu zen duela gutxi». Alvarezek dio balitekeela akzio-erreakzio efektua gertatu eta gazteek ikusi izana aurre egin behar dietela eraso horiei. Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, 2015ean baino bi aldiz salaketa gehiago jaso zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arraza, genero eta identitate sexualarengatik izandako erasoekin lotuta. Horrek ez du erran nahi kasuak hainbertze goititu direnik, gehiago salatzen da eta horregatik gehiago azaltzen da arazoa, baina, Ehgamen sortzaileak ohartarazi duenez, aunitzek ez dute salatzen oraindik, beldurragatik sarri, bai jendarteari bai poliziari. Filosofia eta antropologia Ekaitz Herrerok 30 urte ditu. Ikasle Abertzaleak mugimenduan ibili zen urte luzez. Hura utzi gabe, 2010 inguruan, Ehgam-en sartu zen eta gero bertako gazte taldean, Gaztehgam-en. Ondotik, sexualitatea eta ekintza politikoa elkartuz, Kitzikan gazte antolakundearen sortzaileetakoa izan zen. Oraintxe «impasse» egoeran dagoela aitortu digu, hausnartzen. Filosofia eta antropologia maite ditu, eta sexu askapeneko mugimenduan duten pisuaz ohartarazi gaitu. «Adibidez, jendartearen eraikuntza munduan eta historian beste modu batekoa izan da. Bestelako sustraiak dituzten herri batzuetan oraindik ikusten da. Brasil eta Txina inguruko hainbat kolektibitate edo naziotan ez da existitzen generoa bezala ezagutzen dugun hori, edo beste itxura bat hartzen du. Maitasuna bera Asian ez da ulertzen hemen bezala. Indian eta Pakistanen ez dute ulertzen beste pertsona batenganako maitasun posesibo edo erromantiko hori». Bere ustez, etorkizuna eraikitzeko komenigarria da horri guztiari begiratzea eta hainbat gauza berreskuratzea iraganetik, «gure kasuan eliza kristauak eta bestek desitxuratu edo desagerrarazi dituztenak». Heteropatriarkatuak hitz potoloa, abstraktua eman dezake, baina, Getxon bizi den gaztearen iritziz, hagitz gauza zehatza da. «Jendartearen eraikuntza heterosexualitatean bertan hasten da, ez bakarrik orientazio edo praktika bezala, baizik eta erregimen politiko bezala. Heterosexualitateak antolatzen ditu giza arlo guztiak, kontzienteak eta inkontzienteak». Jaiak ez dezala muina estali Harrotasunaren Egunean gertatzen den «merkantilizazio lotsagabea» gaitzetsi du Alvarezek. «Ondo dago ekitaldi ludikoak eta kulturalak antolatzea. Guk ere egiten ditugu. Baina halako muntaiak prestatzen direnean, batez ere hiri handietan, aurten Madrilen bezala, muina estaltzen da. Jaia eta negozioa dira gelditzen direnak». Ez da ahantzi behar ekainaren 28a aldarrikapen eguna dela. Data horretan, 1969an, gay, lesbiana eta transexual batzuek, New Yorken, poliziari aurre egin zioten, erasotzen zituelako nazka-nazka eginda. «Aldarrikapen hori oraindik ere oso inportantea da». Bilbon talde txiki ugari dago LGBTIQ+ kolektiboan. «Denok batera egon beharrean, taifa erresumetan gaude, baina zorionez, manifestazioa eta manifestua elkarrekin egiten ditugu. Kostatzen da adostea, baina lortzen dugu». LGBTIQ+ baino nahiago du Herrerok “disidente sexuala” izendapena erabiltzea. Ehgameko beteranoarekin bat dator erratean «irla txiki pila bat daudela ozeano handi batean». Konturatzen da «horrela ez dela posible aurrerapausoak ematea». Defendatu duenez, mugimenduak bateratua eta artikulatua izan behar du. «Ehgamek iraultzailetzat du bere burua eta ez du lan egiten soilik legedia baten alde, baizik eta batez ere jendarte iraultza baten alde. Aldarrikapen guztiz berritzaileak egin zituen bere garairako eta imajinatzeko gaitasun hori, benetan beldurrik gabe gurea dena aldarrikatze hori berreskuratu behar da». Lehenbiziko manifestazioa Justu duela 40 urte, azaroaren 25ean, manifestaziora deitu zuen Ehgamek Bilbon bertze kolektibo batzuekin batera homosexual izatearen susmo hutsa zigortzen zuen legearen aurka. Antolatzaileen artean zen Imanol Alvarez. «Oso arrakastatsua izan zen: 4.000 lagun inguru batu ginen. Poliziak jipoitu gintuen, baina handik gutxira lege hura aldatzea lortu genuen. Hurrengo urtean, 1978an, manifestazioa egin genuen ekainaren 28an, eta esango nuke publikoki lehen aldiz erabili genuela ‘harrotasun’ hitza». Bi lagunek sortu zuten mugimendua. «Martxan ikusi zuenean kideak utzi egin zuen. Ni gustura nengoen, nire ume kuttuna zen, eta segitu egin nuen, orain arte. Tentaldi asko izan ditut uzteko, eta egin dudana izan da azeleragailua hainbeste ez zapaltzea eta gauza batzuei ezetz esatea». Hasieran, ez zekiten nola antolatu. Franco hil berria zen. «Bileratxoak egiten hasi ginen. Kanpotik informazioa lortzen saiatzen ginen: Kataluniatik, Londresetik, Ipar Amerikatik… Zaila zen Internetik gabeko munduan. Aldizkariak eskuratzen genituen frantsesez edo ingelesez eta katalanekin harremanetan geunden». Korronteak eraman zituela dio. «Oraindik gauzak nola egin ez genekiela, Euskal Herrian izugarrizko aldaketa gertatu zen. Gogo bizia zuen jendeak aldaketa politikoak egiteko, mugitzeko, eta halako batean gu ere alderdien mahaietara deitzen gintuzten. Alderdi pila zeuden, gehienak txiki-txikiak. Esaten genien ‘gu ez gara alderdia, elkartetxo bat gara’. Baina joaten ginen eta hala hasi ginen nola antolatu ikasten». Beti izan dira asanblearioak. Hasieran nahiko bilera informalak egiten zituzten, kafe zaharretan, ez zuten-eta lokalik. Noizbehinka, bilera serioago edo handiago bat egin behar bazuten, norbaiti eskatzen zioten lokala. Bitxia da lehen asanblada inportantea, jendaurreko aurkezpena, Bilboko frantziskotarren lokalean izan zela. Ez hori bakarrik, lehen gutuna prentsara bidali zutenean, atera zuen bakarra “Anaitasuna” frantziskotarren aldizkaria izan zen. Lehen elkarrizketa ere bertan egin zieten. Txoko Landan lokalean eman zituzten hogei urte baino gehiago. «Orain, klandestinitatean geundenean bezala, kafetegietan biltzen gara». Euskal Herrian errotua Euskal Herrian errotutako mugimendua da Ehgam. Hortik izena. Bizkaikoaren ondotik Gipuzkoan osatu zen taldea eta aurrera segitzen du. Arabakoa egin, desegin, egin… Hala ibili da eta orain ofizialki ez dago Ehgamik bertan, nahiz eta harremana izan bertako jendearekin eta batzuetan gauzak egin. Nafarroan nahiko talde indartsua egon izan da urteetan, gehienbat emakumez osatua. Hori berezia izan da, mugimendua irekia izan arren, batez ere gizonak ibili izan direlako. Azkenean Nafarroako taldea desegin eta Katalingorri osatu zen. Ipar Euskal Herrian ere egon ziren hasieran, baina gazte ugarik Parisera edo Bordelera lanera alde egin behar izan zuen, tartean Ehgamekoek. Orain Les Bascos kolektiboa indartsu dabil. Pentsatu gabe irentsi 24 bat urterekin hasi zen Ekaitz Herrero mutilekin. «Niretzat berria zen eta neure burua ulertu nahian informazioa bilatu nuen. Ehgam-era jo nuen». Orduan gazte gehiago zegoen mugimenduan. «Sentitzen dut horrela esatea, baina uste dut gaur egun gazteak ez daudela neke-lan askotarako. Tamalez, beste gauza batzuetan pentsatzen ari direla iruditzen zait». Dioenez, jada ez dagoela deus lortzerik sentitzen du aunitzek. «Mugimenduak ere badu erantzukizunik hautemate horretan. Ezjakintasun handia dago eta gauza asko irensten ditugu pentsatu gabe». Ehgam-ek sare herritar batek bezala funtzionatzen du. «Badaude pertsona batzuk hasieratik dena eman dutenak, garai oso gogorretan gainera, hau aurrera ateratzeko eta gaur ditugun askatasun mugatu eta kontrolatu hauetaz gozatzeko. Uste dut gazteok baino hobeto baloratzen dutela zelako neketsua izan den eskubide eta askatasun hauek eskuratzea. Halere, ez dago ezer galdua. Historia ziklikoa da eta lantzen baldin bada mugimenduak esateko eta irabazteko asko izango du». «Hori gay-a da, baina oso jatorra da» Imanol Alvarezek baieztatu du legeak inportanteak direla, baina jendartea aunitzez gehiago. Legearen arloan gauza asko lortuta daude, baina oraindik bada zer aldatu. Adibidez, Estatu espainoleko Immigrazio Legean badago zereginik etorkin batzuek errefuxiatu estatusa eskatzen dutelako beren herrian gay, lesbiana edo transexuala izateagatik jazarriak direlako, baina ia ezinezkoa da onartzea. «Erabiltzen dituzten aitzakiak nahiko zentzugabeak dira. Gay edo lesbiana direla demostratzeko eskatzen diete. Nola demostra daiteke? Batzuetan jatorrizko herrietako egunkariak erakutsi dituzte nola eraso zieten azaltzeko eta, halere, ez dituzte onartu». Orain dela gutxi Nafarroan lege interesgarria egin dela deritzo. «Halako lege integral bat behar da, ez bakarrik zigortzeko, baizik eta hezkuntzan zerbait egitea, diskriminazioa ekiditea eta transexualitatea patologiatzat ez hartzea posible egiteko. Nafarroan egina dago, eta EAEn ere egin beharko litzateke». Jendarteari dagokionez, «mikrohomofobia asko dago. Ez bakarrik lehenengo iraina beti ‘marikoia’ delako. Ohartu gabe, norbaitek esaten du ‘hori gay-a da, baina oso jatorra da’. Lan handia dago egiteko jendeak benetan normaltasunez ikus gaitzan, besteak beste, hezkuntzan (zentzu zabalean, ez soilik eskolan) eta komunikazioan. Fobiak beldurra esan nahi du. Nola galdu beldurra? Ezagutuz». M. I. ERAIKUNTZA «Jendartearen eraikuntza heterosexualitatean bertan hasten da, ez bakarrik orientazio edo praktika gisa» IRLA TXIKI PILA «Irla txiki pila dago ozeano handi batean eta hala ezin da aurrera egin. Bateratua behar du mugimenduak» GAZTEAK «Ekainaren 28ko manifestazioa pozgarria izan zen. Besteetan baino askoz jende gehiago egon zen. Asko gaztetxoak, gainera» ERASOAK «Sektore homofoboak konturatzen hasi dira gero eta gutxiago direla eta amorratuta daude. Hortik erasoak»