GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Garcia Lorca, Altsasu… eta Guardia Zibila


Beltzak dira zaldiak, Ferrak beltzak dira… Hala abiatzen da Garcia Lorcak Espainiako Guardia Zibilari idatzi zion erromantzea. Ez dakit gaur idazterik izanen ote zuen, ETAren gorazarre egitea leporatu gabe. Ez zitzaion debalde atera bere garaian, bestalde, indarrez erail baitzuten, jakina denez.

Garcia Lorcaren hezurren bila dabiltza batzuk, dauden lekuan utzi ala beste norabait eraman behar den eztabaidatzen delarik. Non lurperatu zuten ez da argitu oraino eta ziurrenik batzuei astakeria onartezina irudituko zaie poeta ospetsua, Guardia Zibila eta Altsasuko auzia lotzea. Erosoago daude aspaldiko injustiziak salatuz gure garaikoei aurre egiten baino, baina komeni da oroitzea aspaldiko haiek ere ahantzi zituztela, belaunaldi berrien jakin-minak eta behetik gora hazitako presioak jarrera aldaketa eragin arte.

Isiltasun kriminalaren ituna izan zen hainbeste goraipatzen duten trantsizioa. 1936ko altxamendu faxista eta ondotik ezarritako diktaduraren krimen guziak, bai, guziak, zigorgabe gelditu ziren erabaki politiko bati esker. Erabakia erreforma-ibilbidea frankisten eskutik egitea izan zen, eta ondorioak XXI. menderaino luzatu dira. Hautu estrategiko hori egin zuten EAJk, PCEk eta PSOEk, eta haustura baztertuta, alderdi hauek eta beste batzuek «terrorismoaren kontrako gerlaren» diskurtsoa onetsi eta sustatu zuten.

Altsasukoa urteetan errotutako salbuespen logikaren adierazpena da. Estatu arrazoiaren isla. Aldaketa eta askatasun-burujabetze ziklo berria sabotatzeko beste saio bat. Altsasuko gazteak zigortu nahi dituzte, Euskal Herri osoa zigortzeko, espainiar Estatuak porrot egin baitu gure herriaren borroka indargabetzeko estrategian.

Altsasukoak eragile guziak interpelatzen ditu. Kalera atera eta indar oroz protesta egiteko unea da. Eta batzuek atzera begiratu eta beren laguntzaz hazitako mamuak nola handitu diren onartu eta herriaren aitzin ardura hartu beharko lukete.