GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Goiherri A taldeak oso gertu dauka Euskal Herriko 600eko txapela


Goiherri A izango da 600 kiloko Euskal Herriko txapela irabaziko duen taldea, azken jardunaldian ikaragarrizko deskalabruren bat gertatzen ez bada behinik behin, baina gainerakoei ateratzen dien aldea ikusita, oso zaila dirudi ustekaberik izatea.

Maila honetako bigarren jardunaldia ere irabazi egin zuen, jokatutako tiraldi guztietan gailenduz. Bere aurkari nagusiak, Gaztedi A taldeak, bere kontra galdu, eta gainerakoei irabazi zien, aurreko jardunaldian gertatu zen bezalaxe.

Hortik atzera sekulako nahasmena dago. Aurrekoan Gaztedi B sailkatu zen hirugarren, baina oraingoan hiru postu atzerago geratu zen, eta berdinketak ere ugari izan ziren. Bigarren jardunaldi honetan Mutriku geratu zen hirugarren postuan; aurreneko biekin galdu egin zuen; Gaztedi B, Akelarre eta Getxo mendean hartu zituen; eta Goiherri B taldearekin berdindu egin zuen.

Atzetik, Goiherri B, Akelarre, Gaztedi B eta Getxo sailkatu ziren. Azken hauek oraingoan tiraldi bat irabazi zuten.