Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

25

Giza burmuinak asmatutako edozein traste baino memoria ahalmen handiagoa dauka, arras handiagoa. Pertsona batek zenbat informazio bil dezake bere bizitzan barrena? Urteak atzera eginda harrigarria izan ohi da gogora ditzakegun pasarteak, irudiak, usainak, sentsazioak. Usain batek gaztaroko sentsazioak ekarriko dizkigu; kanta batek gau bateko zoriontasuna eta, beharbada, hotzikara goxo batek zeharkatuko gaitu goitik behera. Pertsonaren oroimena, ordea, selektiboa da oso. Pasarte bat gogoratzerakoan ohikoa da bertsio ezberdinak izatea, kontatuko duen pertsonaren arabera. Denboraren galbaheak memorian eragiten du, gertaera originalari askotan detaile berriak gehituz. Pertsonok maite dugu gogoratzea, bizitzaren joan-etorriari begiradatxoak egitea, gu izatearen eraikuntza baitugu.

Kontalariok memoriaren langileak gara. Ahanzturak akabatzen gaitu. Galdetu izan didatenean nola gogora ditzakedan ipuinak, ez ditudala gogoratzen erantzuten dut, ez dudala, ordenagailuetan bezala, ipuinaren testua artxibo batean bilduta, baina kontatzen hasitakoan, buruko zokoren batean gordetako istorio horrek hartzen zaitu eta irudiak pasatzen hasten dira, zuk hitzak jartzea baino ez duzula.

Aurten kontagintzan 25 urte beteko ditudala, hamaika ipuin eta pasarte hasi dira pilatzen, eta horiei irtenbidea eman behar. Eta kontalariok berritsu galantak izanik, ezin horiek kontatu gabe pasa. Horregatik ostiral honetan Errenteriako Niessen antzokian 25 urteko ibilbideari errepasoa emango diot. Oroimena guztiokin banatzeko.