GARA Euskal Herriko egunkaria

Lehen ikasturtea 2018an hasiko du Donostiako zinema eskolak

Elias Querejeta Zine Eskolak aurtengo urrian irekiko ditu ateak Donostiako Tabakaleran, baina ikerketa eta dibulgazio proiektuak soilik abiatuko ditu. Urtebeteko aurkezpen eta prestaketen ondoren, graduondoak 2018ko irailaren 21ean hasiko dira, Zinemaldiarekin batera.


Donostiako Tabakaleran ostatu hartuta, Elias Querejeta Zine Eskolak aurtengo urrian irekiko ditu ateak eta, urtebeteko prestakuntza lanaren ostean, 2018ko irailaren 21ean hasiko da lehen graduondoko ikasketak eskaintzen. Hala adierazi zuten atzo prentsaurrekoan Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxasok eta eskolako zuzendari izango denak, Carlos Muguirok. Data hori hautatu izana ez dela kasualitatea ere zehaztu zuten, egun horretan bertan abiatuko baita 2018ko Zinemaldia ere eta graduondoko ikasleek harekin «zuzeneko harremana» izango dutela esan zuten.

Aurtengo urriaren amaieratik urtebeteko epean zehar, zinema eskolak bere lehen urratsak egingo ditu eta zeregin nagusien artean egongo dira zinema prestakuntza, ikerketa eta dibulgazio proiektua indartzea.

Hala, urtebeteko lanketaren ostean, 2018ko irailean hiru graduondoko abiatuko ditu: Zinemagintzaren Artxibatzea, Komisariotza eta Sormen Zinematografikoa. Itxasok azaldu zuenez, «datak ikusita, horrelako ikastetxeetan ikasleek matrikulatu eta izen emateko edukitzen duten ohiko epeetara berandu iristeko arriskua genuen. Horregatik, nahiago izan dugu graduondokoen ikasturte hasiera urtebete atzeratu. Horrela, etor litezkeen ikasleei arreta egokia emateko denbora nahikoa edukiko dugu». Hala, 2018an abiatuko den lehen ikasturte horrek 54 asteko iraupena izango du eta irakasleek presentzialki emango dituzte eskolak. Ikasturtea Zinemaldiaren hurrengo edizio inguruan amaituko dela ere esan zuen: «Alde batetik, lehenengo ikasturteko ikasleen helmuga izango da (zeintzuek beren proiektuak amaitzeko denbora izango duten) eta, beste alde batetik, abiapuntua, ikasle berrientzat». Formakuntzaz gainera, ikerketa arloa ere landu nahi dute eta, hori bai, aurtengo urrian jarriko da abian.

Informazio garaia dagoeneko irekita dagoela ere zehaztu zuten, baita aurretiazko izen-emate prozesua irailean jarriko dela abian ere. Matrikularen prezioa 3.500 eurokoa izango da.