GARA Euskal Herriko egunkaria

Aiko taldeak abiatuko du aurten Errenteriako Erromeria Eguna


Urtero legez, Errenteriako Ereintza Dantza Taldeak Erromeria Eguna antolatu du. XIX. aldi honetan, jada egonkortua dagoen festa eguna da eta oraindik eusten diote hasierako asmoari: herri dantzei eta erromeria giroari bultzada ematea.

Hala, 10.45ean Dianarekin hasi, eta 11.00etan Bolo Joko Txapelketa izango da Foru plazan. Koldo Mitxelena plazan hamaiketakoa egin eta indarra hartu ostean, 12.00etan Aiko taldeak girotutako Dantza Poteoak hartuko ditu Errenteriako kaleak. Baina, ohi bezala, bazkalostean etorriko da Zumardian egin ohi den erromeria nagusia, hainbat parte hartzailerekin: Txorimaloak, Errenteria Musikaleko trikitilariak, Xabi Solano eta Joanmari, Enara eta Zuriñe, Errenteriako Gaiteroak, Oarsoaldeko Txistulariak, Zubietako joaldunak, Patxi Perez eta aurrez aipatutako Aiko Taldea.

Ereintza taldeak bere webgunean iragartzen duen gisara, «gonbita eginda dago. Errenteriako plazan dantzan ikusi nahi zaitugu jo eta su. Nahi adina musikari eta dantzari lagun izango dituzu».