GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Landaratuak eta kolonoak


Zuhaitzik gabeko basorik ez dagoen bezala, kolonorik gabeko kolonizaziorik ez dago.

XIX. mendearen erdialdean Bizkaian, Euskal Herri osoan gero, urre berdea izendatuko zena, Adan de Yarza familiaren eskutik lehenengo pinu, lerra, radiatak landatuko ziren. 1917. urtera arte batik bat probako saioak izan ziren. Hurrengo berrogei urteetako tarte horretan 50.000 hektarea landatu ziren. Benetako oparotasunak hogei urtez soilik iraungo zuen, 1957tik 1979ra bitartean. Une gorenean 162.000 hektarea landatuak zeuden, adibide gisa, Gipuzkoako azalera osoa 198.000 hektareakoa da. Gaur 150.000 hektarea inguru landaturik daude. Paisaia erabat aldatu zen, ohiko larre, soro, arlobi, landazabal, harizti, gaztainondoak eta pagadiak leku askotan betiko galdu ziren. Arrotzak bertakoa baztertu zuen. Etekinak murriztu arren pinudiek tinko dihardute, geratzeko etorri ziren.

XIX. mendearen erdialdean Bizkaian burdin hobi, meatze, itzelak ustiatzen hasi ziren, industrializazio basati bati hasiera emanez. Ybarra, Chabarri eta Lezama-Legizamon burges familiek beste hainbatekin aurrea hartu zuten. Aberastuko ziren familia hauen eskutik, Bilboko itsasadar inguruko herrietara lehenik, Euskal Herri osora gero, industrian eta meatzaritzan behar egiteko, atzerriko gizon eta familia andana ekarriko zituzten.

Bilbo hiribildua eredu gisa harturik, 1857. urtean gutxi gorabehera 18.000 herritar zituen; 1900. urtean, berriz, 84.000 biztanle. 43 urte eskasetan populazioa %367 gehitu zen. Salamancak 1857an 15.213 bizilagun zituen –Bilbok parekoa–, eta 43 urte geroago 25.019, %64ko igoerarekin. Ikusi zer-nolako desoreka nabarmentzen den. Garaiko beste hiri handiekin aldera dezakegu: Zaragozak 1857an 63.000 lagun, 1900. urtean 99.000, gehitutako biztanleria %57; Madril, inperio baten hiriburua, epe berean 281.000 biztanle izatetik 540.000 izatera pasatu zen, %92 haziz; Bartzelona 184.000tik 530.000ra pasatu zen, %188.

Aberastasun susmo baten atzetik, itsasaldi biziak balira bezala gelditu ezineko kolono uholdeek lur eremu zabalak hartu zituzten; oligarkak aberasten ziren bitartean, euskarak eta euskal kulturak behera egiten zuten. 1970eko hamarkadan eta hurrengoetan, gezurra zirudien arren, ehun urte luzez jasandako industrializazio ikaragarria eten egin zen, izugarrizko atzerakada eginez.

Oparotasunak, herriari noizbait heldu bazitzaion, muzin egin zion. Langabezia kaleez jabetu eta etekinak desagertu arren kolonoek ez zuten alde egin, gaur egun kolonizazioak inoiz baino biziago dirau. Arrotzak bertakoa baztertu zuen, geratzeko etorri ziren.

Pinu sailak landatzen hasi zirenean Euskal Herriko Kantauri aldeko ohiko nekazaritza –base- rria, familiako ustiatze-unitate ekonomiko gisa– gainbehera zegoen. 1859an, garaiko beste hainbat ikertzailek bezala, Eugenio Garagarzak euskal baserrien etekin urrien berri aurkeztu zuen. Basoak, orokorrean, oraindik herriarenak zirenez edozein auzokidek husien bidez ustiatu zitzakeen.

XIX. mendearen hasieran, 1804an, Bizkaiko mendietan eginiko zenbaketan, basoak zuhaitz mota ezberdinez osaturik zeudela ikusi zen. Kopuru handienak hariztiek eta gaztainondoek osatzen zuten, %98a (%84 lehenak %13 bigarrenak). Aldi berean %95 lepatutako zuhaitzak ziren, gehienak hautespen baten ondoren nekazariak landatutakoak. Aldizka egurra zuhaitza ebaki gabe biltzen zen, inausi baten bidez, bildutako egurrarekin garaiko burdinolentzako ikatza egiteko. Zuhaitzak heldutasunera heltzen zirenerako berrehun, hirurehun urte zituzten. Zantzu txar baten erara 1881. urtean mila urteko Gernikako arbola zaharra zendu zen, zetorrena aurreratuz.

XIX. mendetik XX. mendera doan denbora tarte horretan, atzeraka zegoen euskal gizarteak bilakaera handia bizi izan zuen. Ehun urtetan, nekazari giroan bizitzetik (gizarte fededuna, euskalduna, herrixketan bizi zena, euskal ohitura zaharrak bizirik mantendu zituena…) gizarte industrialera pasatu zen. Aldaketak ez ziren egun batetik bestera gauzatu, ezta arazorik gabe ere. Aldez aurretik foruen galera, desamortizazioak, XIX. mendeko eta XX. mendeko gerrate zibilak, gerren porrota, belaunaldi osoen ihesaldia eta erbesteratzea, landa tradizionalaren beheraldia, industrializazio basatiari bidea ireki zioten; dena aldatu zen, paisaia, gizartea –arroztu zena–, kanpotarrek gune industrializatuetan bertakoak hein handi baten gainditzen zituzten. Kolonizazio bortitz bat hasiko zen, kultura berria zainetatik bihotzeraino sartuko zen. Giro honetan euskal abertzaletasuna sortu zen, euskal nortasunari atxikitzeko, gerren galera eta ondorengo aldaketei aurre egiteko azkenengo saio batean. Hala ere, gauzak ez ziren inoiz berdinak izango. Gizarte bi, zaharra hilzorian, larri eta ahuldurik –Estatu espainolak itotzen zuena–, berria tinko eta indartsu –Estatu espainolak segurtatzen eta indartzen zuena eta duena–.

Gaur, XXI. mendean, entzun dezakegu euskal nahiak tentsioa eta desoreka gauzatzen dituela, gizartea bitan hausteko arrisku bizian jartzen duela. Errua basajaunarena balitz bezala, pinu arrotzen artean bizi izaterik ez duelako. Gizartea ez genuen euskaldunok desorekatu, sistema kolonialak porrotera eraman zuen. Gizartean euskaltzaleei urduritasuna sortzea leporatzen digutenean, ez dezagun ahaztu historia nola gauzatu zen. Kolonoen artean badira euskal senera bidea egin dutenak, zoriontzekoa, gutxiengo bat izan arren; bidea okertu eta espainolak bihurtu diren euskaldunak ere aurkituko ditugu. Geurea gizarte sinkretikoa da, gizarte kolonialen antzera, non euskal kultura folklorearen mundura bazterturik geratzen da.