17 JUL. 2017 ZIRIKAZAN Munstroa Josebe EGIA Espainiako Estatuan ikerketa-proiektu bat egiten ari dira krimen matxistak aurreikusi eta saihestu ahal izateko, galdera bat oinarri: zergatik hiltzen dituzte gizonek emakumeak? Ehunka kasu aztertzen dihardute, eta plazaratu dituzte zenbait datu; besteak beste, uste orokorra izan arren genero-indarkerian beti gertatzen dela ekintza oldarkorren sekuentzia bera (tentsioa-irainak-manipulazio emozionala-jipoiak-erailketa), kasuen ia erdietan eraileek ez zutela aurrekari biolentorik, ezagunik, behintzat; hau da, bat-batean eta inork igarri ezinik, hiltzaile bilakatu ziren. Zergatik, gizonek zer dute barruan, nola bizi dira jendarte honetan, zertaz elikatzen dira, horretara iristeko. Horri guztiari erantzun nahi omen dio ikerketak, halako metodo zientifiko bat aplikatuta, indarkeria hilgarria aurreikusteko modu eraginkor baten bila, orain arte ez bezala gizonak eta beren inguruabarrak fokupean jarriz. Polizia, Guardia Zibila, Genero Indarkeriaren Kontrako Behatokia, Fiskaltza, Espetxeak, unibertsitateetako katedradunak, psikologia eta kriminologia graduondoko ikasleak, eta psikologoen eta auzitegi-medikuen elkargoak jarri dituzte horretan beharrean. Alegia, erakunde ofizialak, profesional pila bat eta, are garrantzitsuagoa, laster barru profesional izango direnak indarkeriaren subjektu aktiboari begira jarri dira, gaitzaren kausari, eragileari, azkenean arreta osoa biktimarengandik aldenduta. Badirudi azkenean ere ulertzen hasiak direla, ziurrenik pandemia honen aurkako borrokan etengabe ikusten ari garelako orain arteko erara huts egiten dugula, emakumeon kontrako askotariko biolentzia desagertuz joan barik, hazi eta zabaltzen ari dela, ez duela ezertarako balio alde bati bakarrik begiratzeak, alde txikituari, emakumeoi, aldi berean ez bada benetako arazoa onartuko, lehenik eta behin, eta, ondoren, kolokan jarriko eta guztiz baztertzeko bidea egiten hasiko. Eta benetako arazo hori gizontasun-eredua da, patriarkatu basatia, sexu maskulinoaren supremaziari eusteko makineria politiko, ekonomiko eta soziala, sexismoaren kultura… guztion buruan sexu indartsuaren eta sexu ahularen ideiak bere horretan jarrai dezan. Beraz, estamentu ofizialak gizonek zergatik hiltzen gaituzten ebazteko eta benetako konponbideak topatzeko lanean hasita, nahi eta nahi ez iritsi beharko dira argi eta ozen onartu nahi ez duten ondoriora: munstroa ez dago gizonezko norbanako batengan, batzuengan, mundu honetan gizon izateko eran eta eredu hori elikatzen jarraitzeko ahaleginean baizik.