Haritz LARRAÑAGA

UDA LEKU, ESKAINTZA EUSKARA HUTSEAN ETA BALIO ERANTSIEKIN

«Euskaraz egiteak balio erantsiak sustatzen ditu», Maddi Bordagarai Uda Leku elkarteko koordinatzailearen iritziz. Erronka berriak ditu elkarteak, hezitzaile, guraso zein haurrei begira, baina eskaintza gero eta trinkoagoa da, eta aisialdi guneak ere ugaritzen ari dira.

Hogeita hamalau urte daramatza Udal Leku elkarteak Ipar Euskal Herriko haurrentzat aisialdirako animazioak euskara hutsean eskaintzen. Guraso batzuek euskaraz ikas dezaten eraman nahi izaten dituzte beren seme-alabak aisialdi jardueretara, baina elkarteko koordinatzaile den Maddi Bordagaraik argi ohartarazten die: «Ez da gure lana euskara irakastea. Gure helburua, haurrek momentu gozo bat euskaraz pasatzea da».

Kanpotik begiratuta, frantsesez aritzen den beste edozein aisialdi taldek egiten dituen gauza berberak egiten dituztela irudi dezake; izan ere, teknikoki antzeko gauzak egiten dituzte, hezitzaileek formazio bera dute eta guztiek antzeko baliabideak erabiltzen dituzte. Bordagaraik zehaztasun bat egin du, ordea, «euskaraz egiteak bestelako balio batzuk engaiatzen ditu inplizituki».

Zailtasunak izateak baditu alde onak ere Bordagarairen ustez, zeren «frantsesek ez dituzten zailtasunei aurre egin behar dieten neurrian, elkartasuna bezalako balioak garatzen dira eta nortasuna ere garatzen da».

«Hizkuntzatik kanpoko balioak beste elkarteetan ere badira, baina guk hautatu ditugun balio horiek zinez lantzen ditugu gure proiektuetan», zehaztu du Bordagaraik. Hizkuntzaz harago bestelako balioak lantzen ere saiatzen dira, haurrei «biharko egunean helduak eta arduratsuak izaten lagunduko» dietelakoan.

Euskal kontzientzia ere zutabe garrantzitsua da Udal Lekuren proiektuan: «Euskal Herria lantzen dugu. Hizkuntza, kultura, nortasuna... eta hezitzaile guztiek bat egiten dute kontzientzia eta balio horiekin».

hezitzaile euskaldunak behar

Animatzaileek zailtasun erantsiak dituzte; izan ere, formakuntza frantsesez jasotzen dute, baina praktikan euskaraz aritzen dira. Aisialdian lan egiteko sarri erabiltzen diren kontzeptuak, abesti lagungarriak, jolasak, eta lanerako jakintza-baliabide guztiak, frantsesez ikasten dituzte; beraz, praktikan euskaraz garatzea ez da lan erraza izaten.

Zentzu horretan, lanerako lagungarri izan daitezkeen gida didaktikoak osatzeko lanean ari dira elkartean, baina animatzaileei dagokienez, egun duten arazo nagusia beste bat da: «Hezitzaileak topatzea zaila da; batetik, euskaraz jakin behar baita, eta bestetik, AIGA titulua ukan behar da, zeren Estatu frantseseko administrazioak ez ditu onartzen Hego Euskal Herriko tituluak».

 

Hego Euskal Herriko udalak hotz

Ikasle gehienak Lapurdikoak dira. Hego Euskal Herrikoak ere badira, baina «arazo handi bat dugu –ohartarazten du Bordagaraik– udaletxeak ez baitira inplikatzen. Hendaiako haurrak etortzen badira, haien herriko etxeak diru bat jartzen du, baina Irungo haur bat badator horien udaletxeak ez du laguntzarik ematen; beraz, bi aukera ditugu, edo ez ditugu hartzen edo prezioa igotzen diegu, eta guk ez ditugu prezioak igo nahi».

Administrazioarekin dituzten harreman guztiak ez dira txarrak, ordea, «gazteria eta kirol arloan Parisek Baionan duen ordezkaria esaterako, euskara ikasten ari da, egiten dugun lana maite du eta asko laguntzen digu», azaldu du Bordagaraik. Euskararen Erakunde Publikoarekin ere erlazio ona dute, «sentsibilizatuak baitira».

Aldiz, sentsibilizatu behar den beste sektore bat gurasoak direla iritzi dio Bordagaraik, «elkarte bat garela ulertarazi behar zaie, erabakietan parte hartu behar dute, proiektua bultzatzeko ekimenak antolatu eta parte hartu, elkarte bizia izan dadin».

Gune berriak eraikitzen

Urte osoan zehar eskaintzen ditu animazioak Uda Leku elkarteak. Neguan, asteazkenetan eta opor garai guztietan egiten dute lan, eta zuzenean eskoletara ere joaten dira. Guztia aurrera eramateko hamabost langile iraunkor dituzte eta urte osoan 50 animatzaile inguruk egiten du lan.

Azken gunea Uztaritzen eraiki berri dute eta gaur egun ez da gunerik Zuberoan, baina Nafarroa Beherean badira bi proiektu martxan, bata Baigorri eta Donibane Garazi aldean, eta bestea, Donapaleun.

Denetik eta leku anitzetan izaten dira animazioak, baina eguneroko gauza txikiek ere garrantzi handia dute Bordagarairen aburuz; izan ere, «guraso gehienak frantses hiztunak dira, beraz, haur gehienek eguneroko bizitzako hiztegi hori ez dute eta gurekin lantzen ahal dute, dena elkarrekin egiten baitugu, bazkaldu, harrikoa egin, eta abar».

 

Uda leku, animatzaile izateko gaitasun tituluak (AIGA) eskaintzeko urratsak egiten

Erronka garrantzitsu bat du esku artean Uda Leku elkarteak: «Diplomak eskaintzeko elkarte jakin batzuk badira, eta guk elkarte horietako batekin egiten dugu lan, baina guk geuk hezitzaile izateko formakuntza eskaini nahi dugu, gure tituluak ere onartuak izan daitezen», azaldu du Bordagaraik.

Elkartean guztia euskaraz egiten dutenez, Estatuko erakundeek ematen dieten erantzuna beti berbera izaten da, alegia, euskaraz bakarrik aritzea «diskriminatzailea» dela eta ondorioz ezin dutela «halako proiekturik babestu».

Aurten lehen aldiz bere hautagaitza aurkeztuko du Uda Leku elkarteak, «galdegiteko Estatuari ea formatzaile agiria ukaiten ahal genukeen, beste elkarte baten bitartez lan egin beharrean autonomoak izateko», adierazi du elkarteko koordinatzaileak.

Estatuaren erantzunarekin ezkor izan arren, Uda Lekuko kideen ustez bada esperantzarako motiborik; izan ere, «Bretainiako elkarte batek lortu du. Ea guk ere lortzen dugun haiek lortu duten babes politikoa; afera, maila horretan, teknikoa baino gehiago, politikoa baita». H.L.