Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Irigoienek irabazi du Gipuzkoako Txapelketa

Kirolari errezildarrak 100 kiloko bolarekin erabaki zuen Alegiako Larraitz plazan jokatu zen finala.

Ez zen ezusterik izan Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan; Aimar Irigoienek irabazi zuen. Bolarekin erabaki zuen saioa errezildarrak, azken harriarekin, alegia. Mikel Lopetegi eta Izeta IV.a izan ziren podiuma osatu zuten kideak. Alegian jokatutako finalak jendetza batu zuen. Bakoitzak, 125eko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta horretarako hiruna minutuko txandak izan zituzten.

Irigoienek 34 jasoaldi eman zizkion zilindro kopari, 23 kubikoari, eta 29 bolari. Guztira 86 jasoaldi lortu zituen, 9.737 kilo altxatuz. Bigarren sailkatu zen Mikel Lopetegi gaztea. Honek, zilindroari 34 jasoaldi eman zizkion, 24 kubikoari, eta 20 bolari, denera 78 jasoaldi lortuz eta 8.950 kilo bizkarreratuz.

Izeta IV.ak lortu zuen hirugarren postua. Zarauztarrak 27 jasoaldi eman zizkion zilindro kopari, 21 kubikoari eta 23 bolari. Denera 71 jasoaldi egin zituen, 8.027,5 kilo bizkarreratuz. Laugarren postua, berriz, Xabier Peñagarikanorentzat izan zen. Aizarnazabalgoak 27 jasoaldi eman zizkion kopari, 18 kubikoari eta 25 bolari. 70 jasoaldi ematea lortu zuen denera, eta 7.900 kilo bizkarreratu zituen.

Iñigo Eizagirrerentzat izan zen bosgarren postua. Zarauztarrak 23 jasoaldi eman zizkion zilindro kopari, 17 kubikoari eta 22 bolari. Denera 62 jasoaldi egin zituen, 6.987,5 kilo altxatuz. Sailkapena Elias Perez hondurastarrak itxi zuen. Azpeitian bizi den amerikarrak aurreneko aldiz hartu zuen parte txapelketa ofizial batean. Honek 9 jasoaldi eman zizkion zilindroari, beste horrenbeste kubikoari eta 10 bolari. 28 jasoaldi egin zituen, eta 3.127,5 kilo bizkarreratu zituen. 

Urrutia

Josetxo Urrutiak irabazi zuen Nafarroako txapela. 125eko zilindro kopa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili zituzten bi minutuan. Urrutiak 20, 12 eta 14 jasoaldi egin zituen, denera 46, 5.250 kilo jasoz. Satxin sailkatu zen bigarren eta Zugarrondo, hirugarren.