GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Biktimak eta biktimak


Zenbaki lehena, «itsusia», delako 37, eta aldiz 20 «borobila», 2ren eta 5en multiploa delako ote da? Baina iaz, urtebete gutxiago zenez bietan, numerologiaren kabalistika hori oso ezberdina zen, eta, hala ere, berdin-berdin gertatu zen...

Ermuak (eta Lasartek) zerbait berezia zutelako/dutelako ote? Baina Bilborekin alderatuta...

M. A. Blanco Garrido hautetsia eta ikasketaduna zelako eta, aldiz, Contreras Gabarri neba-arrebak ijitoak zirelako eta A. Leal Serradillo kale-garbitzaile soila zelako ote? Hala izanda ere, hiru (?) hiru dira... bizitza orok berdin (?) balio omen duen mundu honetan...

Hilketaren trukulentziagatik ote orduan? Tira, Lasarteko Oztarango sasitzako hilketa oso atzera geratzen da trukulentziaren rankingean Bilboko Ametzola plazako sarraskiaren aldean. Ahaztuta edo entzun gabe dutenentzat: 1980/07/23ko bonbak han hildakoak hiru dira ofizialki... laugarrenari pertsona-tasuna ez ziolako aitortu Espainiako Audientzia Nazional berdingabeak; sabelean zeraman ama leherketak txikitu zuenean apenas bizi izan omen baitzen minuturen bat edo beste bere kabuz...

Hala eta guztiz ere, urterokoa gertatuko da aurten ere. Nabarmenago, agian. Apustu, baietz. Datorren asteburua zaindu, eta esango didazue.

Ea M. A. Blanco Garridoren hilketaren urteurrenaren inguruan halakoak jaulki dituzten horietako inor agertzen den Bilboko Ametzola plazan, edo Derioko hilerrian, lore-sorta bat bederen ipintzera. Eta krimen izugarri hark inpunitate oso-osoan jarraitzen duela gogoraraztera. Eta justizia eskatzera, eta...

Bihozberagoren batek agian lore-sorta bat ipiniko du zakarrontzi hura zegoen lekuan, eta biktima haien patua gogoratuko du. Baina beste hauek... baita zera ere! Beraienak gogoan izateko bezainbesteko erraztasuna dutelako beraienak ez dituztenak ahazteko.

Ulertzen ez dudana da zergatik espero duten besteok beraienak gurtuko ditugula beraiek gureak ondratzen dituzten baino gehiago.