19 JUL. 2017 IKUSMIRA Hezurra erresistentziako heroia da Maider Iantzi Kazetaria Nonbait irakurri edo aditu nuen argazki batek norbaitek begiratzean hartzen duela bizia. Eta atzo, Durangoko alkatea, 1937ko Martxoaren 31 Batzordearen eta herriaren izenean, epaitegira sartu zenean duela 80 urte gertatutako bonbardaketen egileen kontrako kereila jartzera, horretaz konturatu nintzen. Ondoan, kereila babesten ari ziren elkarte eta lagunek gutxienez 336 hildako utzi zituen gizateriaren aurkako krimenaren ondorengo irudiak erakutsi zituzten, eraikin txikituenak. Ezkurdia plazako elkarretaratzea zuri-beltzeko argazki horiei begira pasatu nuen. Bezperan, astelehen arratsean, hunkituta atera nintzen Berako “Harritik hazia” herri antzerkiaren lehendabiziko entsegu orokorretik, memoria historikoarekin lotua hau ere, eta noizbait mintzo izandako matrailezurra berriro solasean has daitekeela ulertu nuen. «Haragia koldarra da; bisturia nahiz bestelako tresnak baliatzen ditu, baina heriotzaren aurpegia makillatzea bertzerik ez du lortzen. Lehenago edo geroago hautsa izanen da», errezitatu zuen Maddik, txiletar idazle baten itzulpena baliatuz. Hezurrak, ordea, errauts izateko gogorik gabe irauten du. «Hezurra erresistentziako heroia da». Emakumeen historia kontatzen duen antzerkian dioten bezala, orain 80 urte gerra gure etxe, familia eta herrietan sartu zen. Orain ere bada gerrarik hainbat herritan, eta orain arte aipatu ez den bertze gerra bat ere bai herri guztietan: gizonek emakumeen kontra egiten dutena. Baina etengabe birsortzen da bizia eta, bakarrik sentituz gero, oroitu kateak errautsa direla.