GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKARAREN ERABILERAREN DATUEN IRAKURKETA

Hizkuntza ezberdinen elkarbizitzan euskara pizteko erronka

2016ko datuekin eguneratu berri dituzte Euskal Herrian euskara zenbat erabiltzen den azaltzen duten bi inkesta nagusiak, Inkesta Soziolinguistikoa eta Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa. Azken honek, adibidez, karriketan euskara guttiago aditzen dela ondorioztatu du. EHUren uda ikastaro batean datuok interpretatzen ari dira.


Atzo hasi eta gaur amaituko den euskararen erabileraren inguruko EHUren udako ikastaroan, eleaniztasunean jarri zuen fokua Iñaki Martinez de Luna Perez de Arriba Soziolinguistika Klusterreko kideak. Galdera potoloak planteatu zituen, aretoa betetzen zuten euskaltzaleak interpelatuz. «Euskalgintzak ez badu eleaniztasuna babestu eta gidatzen, ez dago euskara baztertua gelditzeko arriskurik? Hizkuntza politikak soilik euskararena izan ordez ez luke eleaniztasunarena izan beharko?».

Berehala etorri zitzaizkion bueltan entzuleen artetik komentario eta galderak. Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakalaz mintzatu zen bat, eta hori jendartearen babesarekin eta norberaren motibazioarekin estu lotuta dagoela azaldu zuen soziolinguistak. Ingelesaren premia eta lilura, biak elkartzen direla aipatu zuen. Euskarari, aldiz, balio pragmatikoa aitortzen zaiola, baina «lasaitasun batekin», erran zuen. «Arrisku handia» ikusten du hor: «Euskara versus ingelesa jarriz gero, ez dakit irabazteko aukera handirik dugun».

Bruselako taxi batean

«Euskaldunok hegemonia linguistikoaren alde egiteari utzi behar diogu orduan?», galdetu zion Xabier Isasik publikotik. Bera ere Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren egileetakoa da, batzorde zientifikokoa.

«Pertsonalki, euskararen hegemonia nahiko nuke. Besterik da horrek aurrera egiteko zer aukera dituen eta nola kudeatu planteamendu hori. Ez dakit gizartearen gehiengoak nahiko lukeen eta, formalki nahiko balu ere, nola lortu. Bizikidetza lehentasuna da niretzat. Zer aukera dugu bestela? Belgikakoa? Alde batetik flamenkoak, bestetik frankofonoak, eta biek elkar ukitzen dutenean arazo handiekin?», erantzun zion Martinez de Lunak.

Bruselako taxi batean gertatu zitzaion pasadizoa kontatu zuen: taxilariari nora zihoan galdetu zioten irratitik frantsesez, eta berak nederlanderaz erantzun: «Zentrum». Irratitik berriro galdera, frantsesez, ea nora zihoan, eta taxilariak, ahotsa altxatuz, «zentrum». Bidaiari euskalduna, irriari eutsiz. «Ni ere kontraesanetan mugitzen naiz», aitortu zuen. Bestalde, argitu zuen hizkuntza politika eleaniztunak ez duela hizkuntza guziak berdin tratatzea erran nahi, oreka duina lortzea baizik.

Eleaniztasuna Europan...

Darwinismo linguistikoaz –soilik hizkuntza egokienek egiten dute aitzinera– eta nazionalismo linguistikoaz –boteretsuen hizkuntzek egiten dute aurrera– mintzatuz hasi zuen hitzaldia soziolinguistak. Europako Kontseiluak multilinguismoa eta plurilinguismoa bereizten dituela ere jakinarazi zuen. Lehenak hizkuntza bat baino gehiago dituen jendarteari egiten dio erreferentzia, Europari kasu. Bigarrenak, hizkuntza bat baino gehiago dakizkien pertsonari.

Azaldu zuenez, plurilinguismoa erronka handia da Europarentzat, komunikazio trabak gainditzea posible egiten duelako, kultur ondarea bermatzen duelako, identitate ikur bat ere badelako eta barne kohesioa bultzatzen duelako.

Elebakartasuna eta eleaniztasuna aurrez aurre jarriz, hala deskribatu zituen bata eta bertzea: lehenak darwinismoa du oinarri eta bigarrenak hizkuntza ekologia. Hegemonikoa da bat, askotarikoa bertzea. Berdintasun homogeneoa du balio filosofiko gisa lehenak, ezberdinen arteko eskubide berdinak bigarrenak. Balio kultural gisa, norbanako eta giza talde baten ondarea da elebakartasuna; eta eleaniztasuna, horretaz gain, gizateria osoaren ondarea ere bada. Balio pragmatikoari dagokionez, sinple eta erraza da bat; harremanetarako aukera ematen du, berriz, bertzeak. Lehentasunezkoa eta esklusiboa da bata, eta negoziazioa eta inklusioa eskatzen ditu bigarrenak. Hizkuntza komunitate bakarra osatzea du azken helburu elebakartasunak, eta hizkuntza komunitate ezberdinen arteko elkarbizitza eleaniztasunak.

... eta Euskal Herrian

Iñaki Martinez de Lunak adierazi zuen hiru arrazoi egon daitezkeela jendarte bat eleaniztuna izateko: hizkuntza ezberdinen ukipena, globalizazioaren eragina eta immigranteen ekarpena.

Gurean bizi dugun ukipen egoeraren balantze gisa, «arian-arian bagoaz aurrerantz, baina egoera batzuetan atzerantz goaz», azaldu zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako inkesta batean, euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitzaz galdetu zioten jendeari. Ia denek aipatu zuten elkar errespetatzearen beharra, eta euskararen balio pragmatikoa ere, aunitzek. %14, aldiz, mesfidati azaldu zen.

Globalizazioaren eraginari dagokionez, EHUko ikerlan batean eleaniztasunak nazioarteko negozioak dituzten enpresetan zer leku duen behatu zuten eta gaitasun falta muga handia dela ikusi zuten. «Orain aukera gehiago dago euskara eta ingelesa erabiltzeko, baina euskarak estatus mugatua du eta ingelesa ikasi eta erabiltzeko kultur praktikak desegokiak dira».

Immigranteen hizkuntza ekarpenari buruz, integrazioa defendatu zuen, baina hau bikulturala den aldetik ez dela etorkinen ardura soilik argitu zuen. Integratu ezean, elkarbizitzari, kanpoko hizkuntzei eta euskarari ere kalte eginen diogula ohartarazi, eta oreka aldarrikatu zuen.

 

Zenbat eta elebidun gehiago, orduan eta hurbilago daude ezagutza eta erabilera

Azken hamarkadan Euskal Herriko kaleetan euskararen erabilera puntu bat jaitsi dela dio Soziolinguistika Klusterrak egindako Hizkuntzen Erabileraren azken Kale Neurketak. Solaskidea zenbat eta gazteago, orduan eta euskara gehiago egiten duela ere erakusten du karriketako elkarrizketak behatuz, inori deus galdetu gabe egindako azterketak. Olatz Altuna zuzendariak jakinarazi zuen hamar gaztetatik zortzi beste gazte batzuekin topatu dituztela kalean.

Sexuari dagokionez, adinekoetan izan ezik gainerako adin talde guztietan emakumeak gizonak baino gehiago mintzatzen dira euskaraz. Edadetuetan aldrebes gertatzen da, gizonek gehiago egiten dute.

Haurren presentzia eragin handiko eragilea da. Helduak eta txikiak nahasten diren taldeetan neurtu dute erabilerarik altuena. «Haurrekin batez ere emakumeak daudela ikusi dugu. %15ean soilik topatu ditugu umeak gizonekin. Gizartearen isla da hori». Edozein kasutan, emakume zein gizon, haurren eraginari dagokionez ez dute desberdintasunik sumatu.

Udal mailan egindako ikerlan baten berri ere eman zuen Altunak. Euskal Herri osoko 55 udalerri erakutsi zituen grafiko batean, ezagutza eta erabilera korrelazioan jarriz. Zenbat eta gaitasun handiagoa kale erabilera igo egiten da. Arantza ageri da puntan. Goian dira Azpeitia eta Ondarroa ere. Behean, aldiz, hiriburuak.

«Udalerririk tipikoenean gehien haurrek egiten dute euskaraz, gero gazteek, jarraian helduek eta, azkenik, adinekoek. Udalerri batzuetan gazteak ageri dira lehen postuan eta, besteetan, azkenean. Herriaren tipologiaren arabera aldatzen da hori». Kontatu zuenez, tipologiak bereizita azterketa sakonagoak egiteko asmoa dute Soziolinguistika Klusterrean.

Bilakaera neurtzeko bi epealdi zehaztu dituzte: 2009-13 eta 2014-17. %3ko akats tartea dutenez ikerketa hauek, 3 puntutik gorako aldaketak hartu dituzte kontuan. 55 udalerritatik 31tan jaso dute bilakaera, eta ikusi dute paretsua dela euskararen erabilerak gora eta behera egin duen herrien kopurua. 14tan euskara gutxiago aditzen da kaleetan, eta 17tan, gehiago. Gora edo behera egin, haurrek eragina dute eta adin talde guztietan sumatzen da aldaketa.

Galderen txandan, ezagutzaren eta erabileraren korrelazioa erakusten duen grafikora bueltatu ziren. «Kurba bat ikusten dut nik –komentatu zuen entzule batek–. Horrek zer esan nahi du, euskal hiztunen dentsitate bat behar dela ezagutza eta erabilera hurbiltzeko?». Ondorio interesgarria da hori Soziolinguistika Klusterreko kidearen ustez. «Euskaldun kopuruak gora egin ahala, erabilera ere igo egiten da baina ez proportzionalki. Biztanleen %25-30 baino gehiagok euskara dakiten udalerrietan erabilera bizkorrago igotzen da. %30 bada ezagutza, ez gara iristen %30eko erabilerara, horrek esan nahiko lukeelako euskaldunekin soilik komunikatzen garela. Baina zenbat eta elebidun gehiago, orduan eta hurbilago daude ezagutza eta erabilera», esplikatu zuen.

Dituzten lagin gehienak Gipuzkoakoak direla aipatu zuen, joera gehiago dagoelako bertan halako neurketak egiteko. «Zenbat eta zonalde gehiagotara zabaldu, azterketak aberatsagoak izango dira», erran zuen udalerriak animatuz.

Hizkuntzen Kale Erabileraren Neurketan 144 udalerriko laginarekin Euskal Herri osoko datuetara nola ailegatzen diren galdetu zion ikastaroko parte-hartzaile batek, eta 515.000 hiztun eta 187.000 elkarrizketako datu bolumen handiarekin 0,3ko akats tartea baino ez dutela nabarmendu zuen Altunak. «Akats tartea oso txikia da Euskal Herri mailan. Gipuzkoan handixeagoa da, 0,8koa, bertan euskaldun gehiago dagoelako».M. I.