22 JUL. 2017 sokatira Erandioko Goiherri nagusi dela abiatuko da lehiaketa 560koan J.L. Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketan 560ko maila abiatuko da gaur arratsaldean, eta ziztu batean amaituko da, aste baten buruan jokatuko baitira hiru jardunaldiak. Aurrenekoa gaur jokatuko da Muskizen, 17.30ean. Orain arte jokatu diren hiru mailetan Goiherri izan da nagusi, eta maila hau irabazteko ere Erandioko taldea izango da faborito bakar eta nagusia. Berdeen talde nagusiarekin batera, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B eta Akelarre lehiatuko dira. Orain arteko mailekin alderatuta, Getxo eta Mutriku faltako dira, eta hortaz, bost talderekin jokatuko da. Esan bezala, maila honetako txapelketa oso azkar joango da. Gaur jokatuko da aurreneko jardunaldia, eta bigarrena, berriz, asteartean izango da Berangon. Gaur zortzi izango da azkeneko saioa, eta Plentzian jokatuko da. Behin maila hau amaitutakoan, aurtengo Euskal Herrikoa amaitzeko mistoen 600ekoa geratuko litzateke jokatzeko, eta hori hilabete honetako azkeneko egunean izango da, nahiz eta oraindik ez dagoen garbi non izango den. Harri-zulatzea Harri-zulatzeko Ligan ere jardunaldia izango da gaur, bosgarrena hain zuzen. Santurtziko portuan jokatuko da, eta orain arteko gainerako saioetan aritu diren taldeak gaur Santurtzin lehiatuko dira berriro. Aldai Alde, Burdin Gazteak, Errekatxo, KZ Kolpeka, Kabiezes eta Piratak izango dira lanean jardungo dutenak. Azkeneko jardunaldietan gauzak asko estutu dira, eta gaurkoan ere bide beretik jarraitzen baldin badu, ez da emoziorik faltako, ez baitago taldeen artean alde handirik, eta horrek ikuskizuna indartzen du.