25 JUL. 2017 Aizkora Luis Polankok hasieratik menderatu du Saul Velasco Apustua jokatu aurretik zegoen ikusmina baieztatu egin zen; izan ere,1.500 ikusletik gora batu ziren Otxandioko plazan saioa ikusteko. Jon LEUNDA Luis Polankok irabazi zuen herenegun ilunabarrean Otxandion jokatu zen aizkora apustua, Saul Velasco uste baino errazago mendean hartuta. Jendearen erantzuna ikaragarria izan zen, 1.500 ikusletik gora batu baitziren neurketa ikusteko. Aizkolari bakoitzak bosna kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta alde bakoitzak 600 euro jarri zituen dirutan. Polankok hasieratik hartu zuen aurrea, eta neurketa une oro kontrolpean eraman zuen. Lehen enborrean 18 segundoko aldea ateratzen zion gero garaipena lortu zuen aizkolariak, eta bigarren enborrerako alde hori minutu erdi pasakoa izatera pasatu zen. Hirugarren enborrerako desafioa ia erabakita zegoela ikusi zen. Hor alde handia atera zion Polankok Velascori, eta hirugarren kana-erdikoaren amaieran minutu eta erditik gorako aldea zeukan. Hortik aurrera garbi zegoen garaipena zeinek eramango zuen, baina Polankok ez zuen bere erritmoa batere moteldu, eta amaierarako aldea handitu ere egin zuen. Enborrez enbor, honako hauek izan ziren Polankoren denborak: 3.06, 6.57, 11.45, 16.32 eta 21.07. Velascorenak, berriz, honako hauek izan ziren: 3.24, 7.37, 13.25, 19.35 eta 25.04. Bestetik, Jokin Eizmendik irabazi zuen Otxandion bertan jokatu zen ingude-altxatze torneoa. 141 kiloko eta 90 kiloko ingudeak erabili zituzten, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten. Eizmendik 10 eta 21 jasoaldi ematea lortu zuen; denera, 31. Izeta III.a sailkatu zen bigarren, 9 eta 21 jasoaldi lortuz; denera, 30. Urrutiak osatu zuen podiuma 26 jasoaldirekin. 8 eta 18 eman zizkion. Galarragak itxi zuen sailkapena 22 jasoaldirekin, 8 eta 12 aldiz jasotzea lortuta. Honelako saioak gaur egun oso gutxi ikusten dira plazetan.