J.L.
JOKOAK

Arbenoitzek eta Nerouk Ipar Euskal Herriko bina txapel lortu dituzte

Ipar Euskal Herriko finalak jokatu dira joan den larunbatean eta igandean, eta kirol bakoitzak badu txapeldun berria. Horien artean Andde Arbenoitz nabarmendu behar da. Urruñakoak bi txapel jantzi ditu. Alde batetik, aizkoran lortu du irabaztea eta bestetik, lasto botatzen.

Larunbatean Zuraiden jokatu ziren finalak, eta han Michel Giltzou izan zen lokotxetan onena. Paxkal Larramendik irabazi zuen txingetan, gizonezkoen mailan, eta Yves Salaberrik, berriz, zaku-lasterketan, banaka.

Herenegun izan ziren, ordea, Urruñako Pausua auzoan lehiaketarik gehienen finalak. Han, Andde Arbenoitzek aizkoran eta lasto-botatzen irabazi zuen. Trontzan, berriz, Sebas Martikorenak eta Nicolas Nerouk lortu zuten garaipena. Ingude-altxatzen onenak, Aurelie Vanschamelout nesketan, eta Nicolas Nerou mutiletan. Azken honek ere bi txapel jantzi zituen.

Bizkaia

Garazi Arruti eta Ousmane Drame dira Bizkaiko txingako txapeldun berriak. Nesketan Arrutik 36 iltze eta 6.80 metro egin zituen. Bigarren postua izan zen Pilar Rodriguezentzat. Berak 28 iltze, 1/4 eta 0,50 metro egin zituen. Podiuma, Nerea Egurrolak osatu zuen. 25 iltze, 3/4 eta 5,40 metro egin zituen.

Mutiletan, Ousmane Dramek 20 iltze egin zituen. Eloy Salterain izan zen bigarren sailkatua, eta berak, 12 iltze, 3/4 eta 6,75 metro egin zituen. Podiumean Javi Perez sartu zen hirugarren postuan, 10 iltze, 1/4 eta 4,30 metroko marka eginda.

Bizkaiko giza-proba Txapelketa atzo abiatu zen Kortezubin eta gaur amaituko da. 18.00etan, maila nagusian, Altzola, De la Concepcion eta Madariaga lehiatuko dira eta Bigarren Mailan, Gorostiola, Murueta eta Amade.