Arantxa Manterola
Kazetaria
IKUSMIRA

Funtziona!

Duela egun batzuk liburu bat aurkitu nuen nire buzoian. Amnistiarentzat 1977. urte giltzarri haren 40. urtemugaren karietara Iratzar fundazioak bidalitakoa. Iragana aztertu eta ondorioak aterata oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko tresna izan nahi duen Korapilo sailaren lehen argitalpena.

Esku artean hartu nuenean, aitortzen dut nire lehen erreflexua izan zela jada nekienaren bilduma zela; hots, nire belaunaldiarentzat bederen, aro gogor hura gogora ekartzeko eta dokumentu moduan apalategian leku bat hartuko duen beste liburu bat zela. Halere, buruan bueltaka geratu zitzaidan.

Izan ere, egungo egoerak funtsean baditu ordukoarekin antzekotasun nabariak. Lepo beretik burua, labur esateko. Eta hurrengo galdera egin nion neure buruari: nola transmititu hori guztia oraingo belaunaldiei? Gero eta gutxiago irakurtzen (omen) den honetan, liburuaren formatua eraginkorra al da? Eta data borobiletan ibilaldiak egiteak (etzi amaituko den Kalera Martxa, kasu) balio al du? Hitzaldien bidez? Aurrekook (guk, alegia) kontatuz? No funtziona! Gazteek Cebolleta familiako aitonaren «batalliten» gisara hartzen dituzte, guk gure gurasoak 1941eko razionamenduaz edo goseteaz entzuten genituenean bezala.

Orduan, zer? Formula magikorik ez dagoelakoan nago. Dena konbinatu beharko da oroimen eta jakituria kolektibo hori gordetzeko eta gure herri maitea egun batean bere buruaren jabe izateko proiektua gauzatu dadin bidea jorratzen joateko. Horregatik, Iratzarren liburua beharrezkoa da, batez ere kualitatiboki jite garrantzitsua duelako: guk geuk geure historia kontatzea.